Abenduko ezohiko udalbatzarrean Azkoitia Baik esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko abe. 14a, 19:51

Azkoitia Baik abenduaren 14ko Azkoitiko Udalaren ezohiko udalbatzarrean esan dituenak bildu ditu ekarpen honetan, hilero bezala idatziz. 2024ko udal aurrekontuak eta UEMAn sartzea onartu ditugu.

1.- 2024 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

Denon artean osatutako aurrekontuak direla esan dezakegu. Denok egin ditugu ekarpenak. Hauexek dira gehiengo osoa ez izateak ekarri dizkigun abantailak. Noski, ekarpen denak ez dira onartu, baina orokorrean egin den lanarekin, gu behintzat gustura gelditu gara.

UEMAko kide izango gara, itzulpenak eta etorkinei harrera egokia egingo diegu.

Ingurumenera partida berriak bideratu ditugu, eraikin publikoen teilatuetan plakak jartzeko, auto elektrikoentzat karga puntu gehiago jartzeko, komunitate energetikoak sortzea bideratzeko, ibaia zaintzeko barandila azpietan saretxo gehiago jartzeko eta herriko landa lur publikoen azterketa egiteko.

Gazteen ongizatea ere ez zaigu ahaztu: buru osasuna zaindu dezaten laguntzak izango ditugu eskuragarri. Alde Zaharra suspertzeko gune bat atontzea ere erabaki dugu, co-working eta ikasleek talde lanak egiteko eremu bat aipatu direlarik. Mendekotasun maila baxua duten herritarrentzat apartamentu babestuak herrira jaisteko proiektua gauzatzea izango dugu helburu. Parte hartzeari ere bere garrantzia eman diogu bi partida berri sortuz, herri galdeketak bideratuz eta herria udaletxearekin harremanetan jartzeko bide berriak aztertuz.

Horiez gain Foreagarako  hirugarren igogailua lizitatu, eta datorren urtean obra hastea aurreikusten da. Ea hileta zibilak egitea ere ahalbidetzen dugun. Atletismo pista eraikitzen hastea ere onartu dugu. Skate parkea zeresanik ez.

Beraz, alderdikeriak alde batera utziz, herritarren lehentasunak kontuan hartuz, eskari asko asetzeko beta izango dugula dirudi. Beste urteekin alderatuz, agintaldi hau berezia izango da, udal gobernuak soilik erabakitako aurrekontuak ez baitira izango, oposizioko bi alderdi bozkatuenetako batekin adostu behar baititu proposamen denak. Gure ustez, zalantzarik gabe, herritarraren mesederako. Egoera honek, denoi, lan gehiago egitea dakarkigu, ongi etorria izan dadila, horrek ematen dio hein handi batean zentzua gure lanari, orain gure lanak etekin gehiago lortzen du. Herritar gehiagoren eskariak beteko direla jakiteak ematen digun asebetetzea, orain bezala, ez dugu urte askotan sentitu. Beraz, bai, lan askoko agintaldia dugu aurretik, eta lan horietako bat onartutako partida denen jarraipena egitea izango da, alderdi denok markatu ditugun lehentasunak errespetatu daitezen.

Garbi dago elkarlanean zentratu behar dugula agintaldia, eta denon adostasuna lortzeko ahalegin berezia egin beharko dugula denok, ea benetan horrela den eta datozkigun erronkei erantzun egokia emateko gai garen.

2024era begira, Elkargunean aldaketa garrantzitsuak datozkigu. Masquatrorekin dugun kontratua bukatuko dugu, gaur egungoa ezin baita gehiago luzatu. 2025era begira, kontratu berria nola bideratu, izango da erronka nagusiena. Oraingoari aldaketak egin, eta berdintsu jarraitu, edo dena publikoa egin, edota kudeaketa/antolakuntza soilik… Azterketa sakona egitea tokatzen da, eta herrira begira egokiena aukeratzea. Aukera sorta horrek alderdi bakoitzari bere ekarpena egiteko ateak irekiko dizkio, eta udal gobernuak oposizioaren proposamenak benetan kontuan hartu beharko ditu; horrek, zalantzarik gabe, herrira begira onurak ekarriko ditu.

Denak, ordea, ezin du elkarlana, adostasuna eta onura izan. Eta horren adibiderik garbiena Azkoitia Lantzen dugu. Nahi ala ez, guztion enpresa dugun honek, asko baldintzatzen digu herritar denon eskarien asebetetzea.  Azken urtean 2 milioi eurotik gora jarri ditugu, sozietate anonimo horren bermerako eta sortu zen garai haietan hartu ziren konpromisoei aurre egiteko. Miloi eta erdi Txalon Errekatik San Martin aldera joango den bidea egiteko, eta 2022. urtearen bukaeran, 750.000 euro enpresa honen arazoak konpontzeko. Diru kantitate handia da, pentsa diru horrekin zenbat eskariri aurre egin diezaiokegun. Bi mailegu eskatu ditugu azken urteetan Floreagako igogailuak eta igerileku berria egin ahal izateko, baina aurretik aipatutako diru horiek poltsa beretik ateratzen direnez, asko konplikatzen dute, batik bat igerileku berria eraikitzea. Gai honetan asko luzatu gaitezke, baina hortxe utziko dugu.

Aurrekontuetan zentratuz, aurretik esanda bezala, Azkoitia Lantzeneko gaia ez ezik, beste arlo askotan zantzu positiboak ikusten ditugu, eta gure botoak ezin du inondik inora ezezkoa izan. Hauteskundeetan denon arteko lankidetza defendatu genuen behin eta berriz, badakizue gure esku dauden arlo denetan duzuela besteok tokia, dagoeneko egoitzako bai langile, bai egoiliar eta bai senideekin egiten ditugun bileretara alderdi denok etortzen zarete, parte hartze eta ingurumen mahaira ere gonbidatuta zaudete noski.

Eta bukatzeko, aurrekontu hauei, alderdi positibo gehiago dituztela azpimarratuz berriro, ez diogu oztoporik jarriko eta abstenitu egingo gara, hori bai jarritako partida denak erabiltzeko jarri direla gogoratuz, baita oposizioan dauden alderdiak jarritakoak ere.

EAJk baietza eta beste denok abstenitu.

2.- 2024ko ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen plantilaren eta lanpostu zerrendaren hasierako onespena.

Ez diogu aparteko eragozpenik ikusi, eta hau bezain garrantzitsua den udaleko langileen kontsolidazio prozesua ere nahiko ondo doala kontuan hartuz, gure onarpena duzue.

Aho batez.

3.- 2023-2025 Azkoitiko udaleko diru laguntzen Plan Estrategikoa 2024ko aurrekontura egokitzea.

Diru laguntzak eta hitzarmenak plan estrategikoan ongi islatzea da azken urteetako beste eginkizunetako bat. Orain arte aurkeztu zaizkigun bezala onartu ditugu, eta berdin jarraituz, baietza emango diogu honi ere.

PSE abstenitu, besteok alde.

4.- Azkoitiko Udala UEMA mankomunitatera atxikitzea eta bere estatutuak onartzea.

Gure herria euskararen arnasgunetako bat izanik, horrela jarraitzeko, euskara zaintzeko, eman beharreko pausoak ematea ezinbestekoa da guretzat. UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eginkizun garrantzitsu horretan laguntza handia eskainiko digun uste sendoa dugu, eta euskara beste arlo denetan, zeharka txertatzea ekarriko du zalantzarik gabe. Hemen jarriko dugun diruari probetxu handia aterako diogula garbi daukagu, eta bai udaletxe honetako langileei, bai herritar orori, ikuspegi zabalago batera ateak zabalduko dizkigula. Egia esateko, alde positiboak bakarrik ikusten dizkiogu eta poz handia ematen digu, azken urteetan oposiziotik egin den eskari hau onartzeak.

PSEk ezetz, besteok baietza.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide