Azkoitia Bai herri plataformak urriko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko urr. 27a, 11:09

Azkoitia Bai herri plataformak urriko ohiko udalbatzarrean, urriaren 25ean, esandakoak eta bozkatutakoak bildu ditu hemen:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. Ados.

2.- Azkoitiko Udaleko hautatuen ordainsari eta dedikazioen aldaketaren onespena.

Gure taldea izan zen, hauteskunde ondoren, bakoitzak lortu zituen emaitzen araberako ordainsari eta dedikazioak izan behar zituela esan zuena, zinegotziko %25eko liberazioa bermatuz. Gobernuan dagoen taldeak ez ditu zenbaki horiek errespetatu. Ordainsarietan ere, guk eskatutako %20ko jaitsiera ez dute gauzatu; beraz, gaur egungo liberatuen baldintzak ez dira gure taldearekin adostutakoak. Dena den, PSE-EEko zinegotziari %15eko liberazio bat eskaini zitzaion, guri zinegotzi bat izan dugunean baino askoz gehiago, baina uko egitea erabaki duela dirudi. Urteak eraman genituen, udaletxean oposizioko liberatu bat behar genuela esaten, eta halako batean, EH Bilduk onartu zuen, gure ustez hain beharrezkoa zen oposizioko kide baten, eguneroko presentzia udaletxean. Gaur egun, azken hauteskundeetako emaitzei esker, guk ere liberazio erdi batekin dihardugu lanean. Laburbilduz, beti nahi izan dugu gure herriko Udal Gobernua ordezkaritza dugun
talde denok osatzea, hauteskundeetako emaitzen arabera noski, baina bakoitzak jakingo du bere taldea nola antolatu, eta zinegotzi berak hartutako erabakia onartuko dugu, nahiz eta gure ikuspuntua beste bat izan.

3.- 2023ko Udaleko Aurrekontua gauzatzeko Udal Arauaren aldaketaren hasierako onespena.

Aurreko puntua onartu ondoren, hau ezinbestean gauzatu behar denez, alde bozkatuko dugu.

4.- 2023 ekitaldiko udal langileen ordainsarien igoera gehigarriaren onespena.

Iraileko Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren emaitza ikusirik, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen soldatei %0,5eko igoera gehigarria aplikatzea onartu zen estatuan, eta guk berrestea besterik ez dugu aurreikusten.

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Festetako partidak asko jaitsi dira, eta sanandresetako dirurik falta ez dadin kultur ekitaldietatik pasatzea aukera ona dirudi.

Europako funtsetako laguntzak jasotzea nahi badugu, ministeriora, dena gaztelaniara itzulita bidali beharko da, beraz, itzulketarako diru gehiago jarri beharko dugu.

Udal eraikinak zaintzeko eta gordetzeko eta Liburutegiko kontserbaziorako partidak, altzari eta informatikako ekipoen erostearekin batera, diru gehiago beharko dute.

Baserri bideen inbentarioa egiteko dirua jartzea lortu genuen, baina ondoren kontratazioa gauzatu ezinagatik, berriro kendu egin zen. Ea pauso hau eman ondoren, herri bideen ordenantza berria 2025erako erabilgarri dugun.

Eta azkenik, Baztartxo ondoko lokalaren erosketari erabilgarritasuna emango diogula dirudienez, kreditu gehigarri honen alde bozkatuko dugu.

6.- EAJ udal taldeak aurkeztutako adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskararen harira eman berri duen epaia dela eta.

EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen artean adostutako adierazpena onartuko dugu noski. PSE-EEk ezetza bozkatu du.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.
EAJk EH Bilduri errieta, hileta zibilei buruz. Ez dela ezer ez dutela egin, landu zen, ekarpenak egiteko eskatu zen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide