Azkoitia Baik ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Azkoitia Bai herri plataformak abenduko ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak irakur daitezke artikulu honetan.

1.- 2023 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

AZKOITIKO UDALA:

Pasa den urtean adostu genituen partidak erabili ez izanak, aurten, emandako hitza betetzen ez duzuela ikusirik, gure aurrekontuak aurkeztea pentsatu dugu.

Lehendabizi adostu genituen gaiak eta burutu ez dituzuenak aipatuko ditugu:

  • Jubilatuei bizi baldintza duinak bermatzeko azterketa.
  • Ibaira zabor kantitate handi bat erortzea ekiditeko, herri gune osoa babestuko luken, saretxoak jartzeko partida.
  • Ibaia garbitzea. Datorren urtera begira egingo den kale garbiketa kontratuan sartuko dela esan diguzue, ea hala den.
  • Elkarguneko Herriko plaza deritzon aretoa atontzeko 50.000 euroko partida jarri genuen gure aurrekontuetan, eta 10.000 eurokoa adostu udal gobernuarekin. Hau ere ez duzue erabili.
  • Denok ezagutzen ditugu Aizpurutxo bideko indarretxeak, pasa den urtean  bat edo beste geldirik zegoela jakin arazi genizuen. Energia garbiak denon ahotan dauden honetan zentral hidroelektriko horien egoera aztertuko zenutela agindu zeniguten, baina ez dugu inongo informaziorik jaso. Dagoeneko bat saltzen dagoela ere jakin dugu, baina ez zuen ahotik.
  • Baserri bideen inbentarioa egiteko kontratazioa abiatu zen. Pinua bota ondoren bideak konpondu ahal izateko, beste herri gehienek bezala, tasa bat kobratu beharko genuke, ez baitituzte aurkituta bezala uzten bideak eta herritarraren dirua erabili behar izaten baitugu ondoren bide horiek konpontzeko. 50.000 euro jarri ziren inbentarioa egiteko eta lizitazioa hutsik geratu zenetik ez da beste saiakerarik egin.Urteak daramatzagu gai honekin , aurreko legealditik. Zeuei interesatzen zaizuena azkarrago mugitzen duzue, eta egoitzarako igogailuaren kasua ikusi besterik ez dago, 2022ko aurrekontuetan alternatiben azterketa aurreikusten zenuten soilik eta dagoeneko, proiektua egiteko lizitazioa bukatuta dago.

Ondoren, gero eta beharrezkoak ikusten baititugu, aurreko urteetan gure aurrekontuetan jarri eta adostu ez ditugun partidak azpimarratu:

  • Egoitzako egoiliarren ongizatea ez da aldatu eta zuek hartutako erabakien arabera ez da aldatuko. Egoiliarren alde lanean dabiltzan plataformek eskatu ez duten igogailua kontratatu duzue, eguneko zentroa herrira jaitsiko duzue (erabaki ona, herritarren parte hartzea falta), baina bertakoen tratu pertsonala , nahiz eta ezinezkoa dirudien, okertzen doa, langileen falta geroz eta nabariagoa baita. Horregatik, guk, pertsonekin egiten den negozio hau kontrolatu eta ondo bideratzeko, aurten ere, pasa den urtean jarri genuen partida jartzeko beharra ikusten dugu, eta nahiz eta gure eskumena ez izan, gure egoitzan gertatzen diren ezbeharrak (tamalez, nahiz eta ez zabaldu, oraindik gertatzen baitira), ahal den heinean zuzentzeko, bitartekari lanak egingo lituzkeen pertsona bat kontratatzeko, pasa den urtean bezala, 15.000 euroko partida jarri dugu. 
  • Urtero eskatu eta herritar denok ordaintzen dugun, udal gobernuan egon diren alderdi denen propaganda egiteko, Kontzejupetik aldizkaria, web orriko zenbait atal eta beste hainbat trikimailu ordaintzeko erabiltzen dituzuen partidak murriztea (denon artean adostuta) edo zuzenean kentzeko autua egiten jarraituko dugu. Ea urteren batean, gu garen, agintzen dagoenaren propaganda egiteko erabiltzen den diru kopuru hau kentzen lehenak, 46.000 euro aurreztuko genituzke. Propaganda egitea nahi duenak, beste denak egiten dugun bezala, berak ordaindu dezala, horretarako, herritarron dirua eta udal teknikariaren lana erabili gabe.
  • Parte hartzerako erabiltzen den 25.000 euroko partida ere jartzeko beharrik ez dugu ikusten, gaur egungo udal gobernuak erabakiak berak hartzen baititu eta herriaren ordezkariak izateak, ahalmen horren jabe direla, behin eta berriz errepikatzen baitigute.

Eta azkenik 2023urtera begira, beste urtetan ere aipatu ditugun kontu batzuk eta sortu zaizkigun beste beharrei erreparatuz:

  • Hauteskundeetan esanda bezala, Azkoitia Bai herri plataformak goi-karguen soldatak %20 jaitsiko lituzke.
  • Egunero udaletxera lanera joaten garenok, udal gobernukoak dituzten gailuen antzekoak izan ditzagun, eta ez besteei sobratutakoak, 4.000 euro nahiko izango gintuzkeela pentsatu nahi genuke.
  • Urtero esaten dugu, herrian, euskara erabiltzera gehien bultzatzen gaituen erakundea Maxixatzen dela, eta horrela jarraitu dezan, ondo justifikatutako aurrekontu bat azaldu digutenez, guk ez diogu oztoporik jarriko eta 3.000 euroko kantitate bat izanik, datorren urtera begira partida osorik jartzeko ez diogu inongo oztoporik aurreikusten.

Eta azkenik denon ahotan dabilkigun energia berriztagarrien gaiari, eta denon ustez inoiz baino beharrezkoa den burujabetza energetikoari, behingoz, bultzada bat emateko, udala eredu izan dadin eta ingurumen arloan lanean diharduten taldeei egindako lana eskertuz, ingurumen laguntzak bikoiztu, korridore ekologikoak bultzatu, Gabonetako argiak murriztu eta herriko energia kostua nondik aurreztu daitekeen azterketa egin ondoren, esanda bezala, burujabetza energetikoa lortze bidean pausuak emateko, 250.000 euroko partida berri bat jarri dugu gure aurrekontuetan.

Datu hauek denak kontutan harturik, osoko emendakin bat aurkezteko bidea egina zegoen, baina zuen erantzuna ere jakinaren gainekoa zenez, ez diogu kontu-hartzailetzari alferrikako gainkargarik ezarri izan nahi, eta ez aurkeztea erabaki dugu.

Dena den, gure ustez, guk prestatu ditugun aurrekontuak, herritarrari zuek erabakiko dituzuenak baino onura gehiago ekarriko lizkioke. Jubilatu eta egoitzako egoiliarrekin arduratsuagoak direlako, elkargunean, areto nagusiena, kultura ekintza gehiago egitera eramango lukeelako, Maxixatzen bizirik mantentzen laguntzen jarraitzen dutelako, udal gobernuari propaganda ez liokeelako herriak ordainduko, eta baserri bideak hobeto zaintzea bideratuz gain, ingurumenari ezinbesteko bultzada emango liokeelako. Badakigu, horrela informatu gaituztenez,  emendakin batean, politikoen soldatak ezin ditugula jaitsi. Gure aurrekontuetan ia 100.000 euro aurreztuko genituzke, eta hala ere, soldata guztiz duinak izaten jarraituko lukete.

Bestalde, zalantzarik gabe, gastu handiena, energia berriztagarrietan jarri dugula garbi ikusten da, baina etorkizunera begira, egin beharreko inbertsioa dela ere ez dut uste inork zalantzarik duenik. Gaur egun ditugun diru sarrerekin, honelako inbertsio bat egitea posible da, horrela erakusten digute zenbakiek, hemendik urte batzuetara ez dakigu zer etorriko zaigun, baina prestatzen hasi beharra dago, eta horretan udalak ardura handia du. Aldaketa klimatikoa, burujabetza energetikoa, … denon ahotan dabilzkigun hitzak dira, denontzat dira garrantzitsuak, gakoa, burujabetza hori noren esku utzi behar dugun erabakitzea da, herritarraren esku edo kanpotik datozen enpresen esku, gu, egia esan, gure herritarrekin askoz gehiago fidatzen gara. 

Beraz, mesedez, erabili ezazue herritarren dirua, herritarren onerako, eta ez betiko enpresen poltsikoak betetzen jarraitzeko. Etorkizunean kontsumituko dugun energiaren zati garrantzitsu bat, egon dezala gure esku. Goitik datozkizuen aholku/aginduak alde batera utzi eta udaletxe honetan, lehen egunetan esaten zenutena bete ezazue, izan zaitezte independenteak, badakigu zeuen enpresak erortzea ez duzuela utziko, baina erabili itzazue herria aberasteko, eta ez alderantziz, herria enpresa hauek aberasteko, orain arte bezala.

Eta azkenik, bukatzeko, aurreko urteetan erabili ez diren partidak zerrendatu eta batzordeetan aurkeztu dizkizuegu, baita argitaratu ere, horiei diru sarrerak gehitzen badizkiogu, nahiko garbi ikusten dugu, guk erabakitako proiektuak aurrera eramateko nahiko diru izango dugula, herritarren IBI-ak, zuek erabakita bezala, ez duelako jaitsierarik izango eta udal gobernu honek aurkeztu dituen aurrekontuetan ikusten denez, argindarraren prezioak bere horretan jarraituko duela espero duzuelako batik bat.

Altuago esan dezakegu, baina gure iritzia nahiko garbi gelditu dela esango nuke, eta ez dut uste jada zalantzarik izango duenik inork, zuen aurrekontuak asko hobetu zitezkeela pentsatzen dugula, eta horren ondorioz, ezetz bozkatuko dugula esaten badugu.

San Jose egoitza

Aurretik esanda bezala, egoiliarren tratu pertsonala hobetzeko bidean, bai egoitza kudeatzen duen enpresak, eta hori bete dadin, baita guk ere, askoz gehiago egin dezakegula kontutan hartuz, azken urteetan, gai honetan, ezin dugulako adostasunik lortu, abstenitu egingo gara.

Zubiaurre-Elkargunea Institutua

Tasa eta zergetan izaten ditugu gure gorabeherak, horien berri gehiago jakin nahi duenak, idatziz ditu gure ekarpenak, baina orokorrean ados gaudenez, alde bozkatuko dugu.

Azkoitia Lantzen

Sozietate honi buruz dugun iritzia askotan adierazi dugu, aurreko plenoan esateko, beraz ez gara gehiago luzatuko eta ezetz bozkatuko dugu.

Aurrekontu kontsolidatua

Pisurik handiena udalaren aurrekontuak duela jakinik, eta hor desadostasun asko ditugula kontutan harturik, ez da zaila, ezetz bozkatuko dugula asmatzea.

2.- 2023 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko langileen Plantillaren eta Lanpostu Zerrendaren  hasierako onespena  

Lanpostuen kontsolidazioan arazotxo batzuk sortu dira azken unean, baina ez udaletxeko langile berak, eta ezta guk ere, politikoki, ez diogu inongo susmo txarrik hartu eta baietz bozkatzen jarraituko dugu.

3.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 8 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Arau subsidiarioen egokitzea derrigortuta gaude egitera, eta urtea bukatu aurretik pauso hau ematea komeni dela dirudi, diru partida hau ezin baita 2023ko aurrekontuetan txertatu. Aurrekontuetan jarrita zegoen eta erabili ez den beste partida bat hau ere, gerakinetara joango dena eta Martxotik aurrera udal gobernuak berriro ere erabilgarri izango duena. Barne funtzionamendu kontuak dirudite gehienbat eta alde bozkatuko dugu. 

4.- 2023-2025 Azkoitiko udaleko dirulaguntzen Plan Estrategikoaren onespena.

Derrigortuta gaudenez, eta gure ustez, denoi ondo etortzen zaigunez ekintza batzuk behintzat aurreikustea, baietz bozkatuko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide