Azkoitia Bai-k maiatzeko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko mai. 26a, 19:51

Azkoitia Bai herri plataformak maiatzeko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun  espedientearen hasierako onespena.  

Kreditu aldaketa honek daramatzan puntuak banan bana erantzungo ditugu:

  • Ikastolako mantenua eta pandemia garai honetan, gure txikienek jolas toki egoki bat izatearen premiatasuna baloratuz, karpa bat alokatzeko dirua gastatzea egoki iruditzen zaigu.
  • Kultur etxeko garbiketan pasatzen diren orduak zenbatu ondoren, lanketa hori bermatzen jarraitzeko diru kopuru hau falta bada, gure aldetik ez diogu oztoporik jarriko.
  • Kultur inkestaren ondorio, beste behar batzuen artean, Baztartxoko eraikina erabiltzen duten kultur taldeek sumaturiko gabeziari aurre egiteko, etekin handia aterako zaion ekarpena izango dela deritzogu.
  • Floreagako eremu honetan ere, aurretik herriko beste hainbat lekutan egi den bezala, aukera dagoenean, herriko ur zikin eta euri urak aldentzearen alde.
  • Eta azkenik hilerriko kaperaren teilatua. Egoera txarrean dagoen udalaren eraikin bat dela jakinik, beste eraikin denak bezala, egoera onean mantentzearen alde.

3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 2  zenbakidun espedientearen hasierako onespena.  

Kreditu aldaketa honetan ere beste lau gastu aurreikusten dira:

  • Spining/cicyling klaseek arrakasta handia dute udal polikiroldegian, eta erabileraren ondorio bizikletak izorratu edo zaharkitu direla dirudi. Beraz, bertako teknikariek berriak erosteko beharra ikusten badute, horrela izango da. Beste herrietan ere egin behar izan dituzte horrelako inbertsioak, eta azkenean, lizitaziora atera ostean hemen aurretik jartzera goazen kopurua baino merketxoago irten zaizkie. Ea hemen ere berdina gertatzen den. Zaharrekin zer egin ideia batzuk aurkeztu genituen eta mesedez erabakia hartzen denean informatzea eskertuko nizueke.
  • Sarrera nagusiko lurrak, estali gabe egon zen garaian, kalteak jasan izan zituen, eta konpondu beharra dago.
  • Gaur egun, berriz, beste sarrera batzuk irekitzeak, erosoago izateaz gain, jende pilaketak ekiditea ekarri digu, baina, hala eta guztiz ere, zain egon beharko balitz, itxarote hori arintzeko estalpeak eraikitzea bidezkoa dela iruditzen zaigu.
  • Eta azkenik, inklusioaren baitan, aniztasun funtzionala dutenentzat eta ez dutenentzat bizikleta bat erostea ere babestuko dugu.

4.- Azkoitiko udalerriko kale garbiketa zerbitzu kontratuaren bigarren luzapenaren onespena. 

Badirudi goizeko ordu txikietan gure kaleetako zaborra bat-batean desagertu egiten dela, baina ezta horrela, eta izugarrizko dirutzak gastatzen ditugu sortzen dugun zabor guztia jasotzen. Kale garbiketari edukiontzien bidez jasotzen duguna gehitzen badiogu, urtean bi milioitik gora. Aspalditik izan dugu egun bat edo beste zaborra jaso gabe utzi eta herritarren erreakzioa ikusteko gogoa.

Garbi dagoena da negozio handi bat dagoela atzean, eta talde politiko bakoitzari bere enpresa laguna ezartzen diogula atzetik, eta bakoitza bere buruari begira jartzen denean, beste gai askotan bezala, herritarra alde batera uzten dela. Beraz, herritarra eta zabor gutxiago sortzea erdigunean jartzeko, nahiz alderdi, nahiz herriko beste edozein talderekin lanean jartzeko prest. Baina momentuz behintzat, beste alternatibarik ez dagoela eta kontratuaren azken urtera heldu garela kontutan izanda, egin beharko genituzkeen aldaketak, hurrengo kontratuari begira egitea izango dela egokiena iruditzen zaigu, eta indarrean dagoena bere horretan bukatzearen aldeko hautua egingo dugu. 

Enpresa atzean izate horrek ulertezina eta eztabaida sortu ditu. Esan behar lizitazio eta kontratazio mahaiak ondo eta legez egiten direla, baina guk esan nahi genuena, herritarrak hori horrela ez dela pentsatzen dutenaren errezeloa dugula, eta esleipenak zuzenean egiten direla askok eta askok pentsatzen dutela. Beraz, gure ustez, nahiz eta gutariko bakoitzak kalean gai hau argitzeko ahaleginak egin, beharbada udaletxetik ere herritarra informatzea ez litzatekeela gaizki egongo.

5.- 2021eko Ordenantza Fiskalen aldaketaren onespena, ostalarientzat mahai,  mahaitxo, aulki, zoladura, loreontzi, itzalkin edo antzeko instalazioengatik dagokien  tasetan COVID-19 gaitzaren krisiaren ondorioz aparteko hobarien inguruan.  

Laguntza hauek ematea denon artean hartutako erabakia izan zen, eta orain atzera egiteak ez luke inongo zentzurik izango eta baietz bozkatuko dugu.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

7- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8- Galde-erreguak.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide