Azkarateko hondakin gunea

Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko api. 14a, 08:40

Hasera hasieratik garbi izan dezagun denok, talde honen helburua denon artean ahal den informaziorik gehiena eskuratzea dela, ondoren herritarrei zabaltzeko eta ahal den heinean, azken hitza, herria berari emateko.

Horratx informazio ofiziala.  

Buletinari buruzko galderak:

- Hondakinak arriskutsuak biltegiratzeko gunea; etxola prefabrikatu bat da. Zer hondakin arriskutsu sartuko dira instalaziora, bertan sortzen direnak soilik? Gure ustez hobea izango litzateke instalazio horretara balorizatu ezin daitekeen ezer ekarriko ez balitz; jatorrian bertan egin beharko litzateke sailkatzea.

- Hondakin ez arriskutsuak karakterizatzea Larkek beharrezkoa baderitzo, hondakina hartu aurretik, ekoizleari karakterizazio-proba egiteko eskatuko zaio, hondakina kudeatzea bideragarria dela bermatzeko. Proba beti egin eta horrela eskatuko zaio.

- Kasua zein den, hondakinaren ekoizleek beraiek entregatuko dute hondakina Larkeren instalazioetan. Nola bermatuko da garraioa ondo egina dagoela?

- Bereizteko lanetan, hondakinak motaren arabera bereiziko dira, batera biltzeko. Horretarako, Larkek pala kargatzaile bat du. Hondakinak bereizteko pala kargatzaile bat ez zaigu makina egokia iruditzen. Sailkatzeak zehatzagoa izan beharko luke.

- Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak prestatzeko, instalazioak bitarteko hauek ditu:– Trakpactor 320 birringailua, alokairuan.

  • Triaje-lerro bat, 17 x 6 m-koa, zintaduna, 20 m.

Egur-hondakinak prestatzeko, Larkek bitarteko hauek ditu:

  • Hammel VB 650 D birringailua.

Beraz eraikuntzako materiala eta egurra balorizatuko al dira?

- Gainerako hondakinak kudeatzaile/balorizatzaile baimendu bati eramango zaizkio, garraiolari baimenduen bitartez. Aurretik esan dugun bezala, balorizatu ezin dena sartuko ez balitz hobe, baina beste hondakinak errauskailu batera eramatea posible al da?

- Ontziak (udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak barne). Beraz udal zakarrontzietako dena jasotzea posible al da? Zertarako? Ez du zentzurik eraikuntzako hondakinen balorizazioa egiteko instalazioa bada

- Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. 'Minimizatu' hitzarekin zer esan nahi da? PM 2,5 partikulak neurtuko al dira?

- Lurpeko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira. Zehazki zer jarraipen?

- Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak. Jabearen hitzetan, egin diren proben ostean ez da orain dagoen zarata gaindituko. Hori horrela bada, ezinbestekoa iruditzen zaigu orain dagoen zarataren neurriak egun osoan zehar hartzea. Halaber, ezinbestekoa deritzogu aurrerago, edonork eta edozein unetan, homologatutako gailuekin eta udaltzainen laguntzarekin, oraingoak gainditzen ez dituela ziurtatuko duen beste neurri batzuk hartzea.

- ...betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira. Beraz, beteko dela dio. Ez da sartzen den guztia aterako ezta?

- Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da. Esan bezala, balorizatu ezin dena ez ekarri.

- Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Balorizazio energetikorik egingo al da? Nola?

- Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu (gaztelaniaz eliminar erabiltzen du) egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik. Horrek ezin du gertatu. Berriro esango dugu, balorizatu ezin dena ez ekarri, eta prozedura horiek erabili ezin badira, are gutxiago.

- Airearen kutsadura murrizteko neurriak. – Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira. Karga eta deskarga uneak nola kontrolatuko dituzte?

- Biltegiratze-baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen. Metaketen altuera kontrolatuko da. Harrobien inguruak betidanik zurituta ezagutu ditugu: honek zer desberdintasun izango du?

- Aldazabal errekari dagokionez, ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu egin dela egiaztatu da. Erreka horren funtzionaltasuna bermatzearren, lotura-interes bereziko ibai-zatia den aldetik, erribera-basoa birlandatuko da, haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliz, proiektu-eremuarekin mugakidea den tarte osoan. Hor jartzen duenaren arabera, dagoeneko baso zati handi bat kendu dute; zer baimenekin?

- Gainera, jarduera igarobide ekologikoarekin mugakidea den eremu batean ustiatzeari dagokionez, funtsezkoa da prebentzio-neurriak hartzea, hondakinak, batik bat, arinenak, haizeak ez ditzan... Igarobide ekologikoa mugakidea bada, eta lehen esan bezala harrobi bazter denak zurituta badaude, hemen zer desberdintasun aurkeztu behar dituzue?

- Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen… Hori onartezina da, inondik inora.

- Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Larke 360 SL enpresak Azkoitia udal-mugartean sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioari. Gure ustez, alderantziz. Nahikoa arrazoi agertzen da ebaluazio hori egiteko, eta arrunta izan beharrean berezia izango balitz, hobe.

Ditugun baliabideekin lanean jarraituko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide