Euskararen errezeta

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2022ko ots. 8a, 08:37

Anartz Izagirre kazetariak urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskararen errezeta'.

Marrazki bizidunak euskaraz ikusi ahal izango dira Nafarroan ere, ETB3ren bitartez, hemendik aurrera. Batzuentzat aukera dena besteentzat mehatxu bilakatu da lurralde historikoan, eta gure hizkuntzaren hedapenak, beste behin, bere onetik atera ditu gure herrialdeko elebakar euskarafoboak. Hala adierazi zuen Sergio Sayas UPN alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan: "Nafarroan ETB3 sartuta, reset egin nahi dute burmuinean".

Eta nik diot: oxala hala balitz. Batzuetan niri ere reset egitea gustatuko litzaidake, gure hizkuntzak merezi ez dituen irain desegoki horiek gogoratu beharrik ez izateko. Marrazki bizidunetako unibertso utopiko ero batean bizitzea gustatuko litzaidake, non herritar ororen hizkuntza eskubideak ez diren gudu-zelai batean erabiltzeko argudio, non nire ilobek kalitatezko marrazki bizidunak euskaraz kontsumitzeko aukera izango duten, Euskal Telebistan zein plataforma digitaletan.

Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta gaur egungo gaztetxoek Internetez kontsumitzen dituzte beren gustuko eduki gehienak. Ildo horretatik, Pantailak Euskaraz plataformak "larrialdi egoeraz" ohartarazi zituen herritarrak Eusko Legebiltzarrean, eta erakutsi zuten egun sona handiena duten plataforma digitaletan hutsaren hurrengoa dela euskarak duen presentzia. Eta, beraz, haurrek, gaztetxoek nahiz baita helduek ere, malabareak egin behar dituzte kalitatezko marrazki bizidunak euskaraz kontsumitzeko.

Pantailek euskaraz behar dutelako izan, herrietako kaleak erdaraz izan ez daitezen.

ETB3 Nafarroa osoan zabaltzeak ez du ezer soluzionatuko, ez; besteak beste, erakutsi delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kate hori ikusgai egon arren, haur askok bestelako kateetan ikusten dituztela marrazkiak, eta nork daki, baliteke kalitate eza izatea horren arrazoietako bat. Baina horretarako aukera izateak, behinik behin, argi izpi bat sortzen du jendartean. Euskarazko erreferentziarik ez izateak gure hizkuntzarekiko arrotz sentiaraztea dakarrelako, ematen duelako euskara ez dela aisialdirako hizkuntza bat, kontu akademiko hutsala baizik.

Musa Anter idazle kurduak esan zuen moduan, nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula. Eta argi dago ikus- entzunezkoak, prentsa, literatura eta abar euskaraz kontsumitzeak deseroso sentiarazten dituela zenbait. Izan ere, badirudi kaxa inozo gisa ezagutzen den gailu hori euskalduntzea, hainbaten Akilesen orpo bilakatu dela. Guretzat, berriz, ezinbestekoa da Popeyek, Maya erleak, Berebiziko espioiek eta Scooby Dook euskaraz jakin dezaten, gure seme-alabek eta ilobek beren hizkuntza anitza bezain praktikoa dela barneratu dezaten. Pantailek euskaraz behar dutelako izan, herrietako kaleak erdaraz izan ez daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide