Lehenagoko herritarrak oroituz

Iraia Oteiza 2024ko mai. 8a, 09:44

Azkoitiarrak, XX. mende hasieran.

Javier Beristain argazkilariak XX. mendeko azkoitiarrak argazki emanaldia eskainiko du arratsaldean, Azkoitia 700 ekimenaren barruan. Garai hartako herritarren irudiak eta kontuak ezagutaraziko ditu.

XX. mendeko azkoitiarrak argazki emanaldia eskainiko dute arratsaldean, 19:00etan, Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan. Javier Beristain argazkilariak gidatuko du saioa, eta lehengo zenbait argazki proiektatu bitartean, 1901etik 2000ra bitartean azkoitiarrek bizitako istorioak izango ditu kontagai hark.

"Nire asmoa ez da kronologikoki urte horietan guztietan Azkoitian gertaturikoa kontatzea, herritarren inguruko kontuak azaltzea baizik. Horregatik egin diet erreferentzia azkoitiarrei emanaldiaren izenburuan, eta ez Azkoitiari", azaldu du argazkilariak.

Orotara, 256 argazki aukeratu ditu Beristainek emanaldian proiektatzeko, eta multzoka banatu ditu: "Garai bateko trikitilarien kontuak izango ditut kontagai batetik, herriko kirolarienak bestetik, baina Aste Santuko prozesioen nondik norakoak, Urolako trena inauguratu zutenekoak edota Gurea frontoiko istorioak ere azalduko ditut. Kronologikoki baino gehiago, gaiaren arabera banatu ditut argazkiak, eta horiek proiektatu bitartean, azalpenak emango ditut".

Bilduma osatzen, bost urtez

Emanaldian ezagutaraziko dituen argazki gehienak Internetetik eskuratu ditu Beristainek. "Denbora-pasa nenbilela aurkitu nituen Azkoitiko argazki zahar batzuk, kasualitatez edo. Gehiago topatu eta bildu nahi nituen gero, eta halaxe hasi nintzen sarean miatzen. Duela bost urte izan zen hori; orduz geroztik, bilduma handia osatu dut, argazki oso zaharrekin eta berriagoekin. Blog batean ari naiz jasotzen horiek guztiak". Azkoitia 700 ekimenaren barruan, egokia iruditu zitzaion argazki horiek ezagutaraztea, eta "herriari bere ekarpena gisa horretan egitea". Emanaldirako, baina, bildumako argazki batzuk baino ez ditu aukeratu, hark azaldu duenez, "XX. mendeko azkoitiarren giroa ondoen islatzen dutenak".