'Gurea erabil dezakezu' ekimena, premia baten aurrean saltokietako telefonoa erabiltzeko

Iraia Oteiza 2024ko mai. 6a, 13:24

Eskuko telefonoen erabilera desegokiari eta goiztarrari erantzun bat emateko asmoz, zenbait ekimen bultzatu dituzte herrian. Horietako bat da Gurea erabil dezakezu kanpaina, ezustekoren baten aurrean gaztetxoei zein adinekoei saltokietako eta ostalaritza establezimenduetako telefonoa erabiltzea ahalbidetuko diena.

Jaso Burue izenarekin, guraso taldeak sortzen ari dira zenbait herritan, eskuko telefonoen erabilera desegokiari eta goiztiarrari erantzun bat emateko eta erabilera horrek nerabeengan zein gazteengan dituen erabilera negatiboak murrizteko asmoz. Azkoitian ere halako talde bat sortu dute, eta lanketa horren baitan, Gurea erabil dezakezu kanpaina abiatu dute. Ekimen horrekin, ezusteko edo premia baten aurrean senitartekoren batekin harremanetan jarri beharra izanez gero, saltokiek, tabernek edo jatetxeek beren telefonoa haurren, gazteen edo adinekoen eskura jarriko lukete.

Ekimenarekin bat egitea erabakitzen duten saltokiek eta ostalaritza establezimenduek pegatina bat jarri beharko dute atean, bertako telefonoa erabilgarri dagoela ikusarazteko. Hala, "gaztetxoek zein pertsona nagusiek kalean mugikorrik gabe lasai ibiltzeko aukera izango dute, herriko zenbait gunetan laguntza jasotzeko aukera dutela jakingo baitute". Jaso Burue mugimenduak sustatu arren, Azkoitia Lagunkoiak ere bat egin du ekimenarekin, beharra sortuz gero pertsona nagusiek ere laguntza hori izan dezaten. Horiez gain, Herrixen merkatarien elkartea eta udala ere kanpainara batu dira.

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, ideiak aurrera egin dezan, beharrezkoa zaie saltokien eta ostalaritza establezimenduen lankidetza. Hori horrela, gaurtik hasi eta maiatzaren 15era bitartean izena emateko aukera izango dute horiek, herrixen@hotmail.com helbidera idatzita edota 608 31 30 24 telefonora deituta.