Udalak "luxuzko egitaraua" antolatu du Udaberriko Musikaldirako

Ane Olaizola 2024ko api. 29a, 12:12

Bach & "Bach" taldea.

Maiatzeko lau larunbatetan kontzertu bana izango da Santa Kutz komentuan. 18:30ean hasiko dira emanaldiak, eta doakoak izango dira. Autobus zerbitzua izango da joan-etorria egiteko.

Maiatza musikaren hilabetea izan ohi da Azkoitiko Santa Kutz auzoan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo musika doinuek hango komentuan, Azkoitiko Udalak hogeita hamabigarren aldiz antolatu baitu Udaberriko Musikaldia maiatzeko larunbatetarako. Antolatzaileen arabera, "luxuzko egitaraua" programatu dute aurtengorako.

Datorren zapatuan, hilaren 4an, hasiko da Udaberriko Musikaldia, eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa eta German Ormazabal pianista arduratuko dira egitaraua irekitzeaz, 18:30ean. Maiatzaren 11n, berriz, Bach & "Bach" taldea izango da oholtza gainean. Johann Sebastian Bachen abestian oinarri hartuta, musika barrokotik doinu garaikideetara emango dute jauzia, besteak beste, jazzera. Nazioartean "ospe handia" duten hiru musikarik osatzen dute taldea: Antonio Serranok, Daniel Oiarzabalek eta Pablo Martin Caminerok, hain zuzen ere.

Zikloaren barruko hirugarren kontzertua, bestalde, Euskadiko Orkestrako kide diren Laura Balboak, Larraitz Oiartzabalek, Maite Abasolok eta Gabriel Mesadok eskainiko dute. Laurek Xarma Laukotea osatzen dute, eta Manuel Canalesen zein Franz Schuberten piezak taularatuko dituzte horiek.

Hilaren 25ean amaituko da egitasmoa, eta Sociedad Coral de Bilbao abesbatzak emango dio amaiera 32. edizioari. Valentin de Zubiaurreren La Pasión oratorioa eta Xavier Maria de Munibe e Idiakezen Miserere interpretatuko ditu koruak. Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, Ana Otxoa sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak, Julen Garcia eta Jagoba Fabrique baritonoek eta Alberto Saez Puente pianistak parte hartuko dute emanaldian.

Autobus zerbitzua

Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko dira, eta sarrera doakoa izango dute. Ohi bezala, kontzertura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua antolatu du udalak: Santa Kutz komentura joateko, 18:00etan aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik (Eroski Consum ondoan), eta emanaldia amaitutakoan itzuliko da herrira. Autobuserako ez da aldez aurretik izena eman beharko.