Mailari eusteko borrokan emakumeak garaile eta gizonak galtzaile

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 29a, 10:55

Julen Aramendi, Deustoren kontrako partidaren une batean. (Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonek jaitsiera postuetatik bi puntura jarraitzen dute Txerloian Deustoren kontra 0-2 galdu ondoren. Emakumeen taldeak, aldiz, 1-2 irabazi zuen San Ignacioren zelaian, urrezko puntuak bereganatuz.

Anaitasuna futbol klubaren talde nagusiei hiruna jardunaldi falta zaizkie beren txapelketak osatzeko. Gizonak zein emakumeak, jaitsiera postuetatik ihes egiteko borrokan dabiltza, baina azken asteburuko emaitzen ondoren, borroka horren zama asko arindu zaio Euskal Ligako taldeari; aitzitik, hortzak estututa jarraitu beharko dute gorritxoek Espainiako Hirugarren Mailan.

Izan ere, zapatuan, 0-2 galdu zuen Txema Añibarrok zuzentzen duen taldeak Txerloian Deustoren kontra, eta horrenbestez, azken hirugarren postutik eta jaitsieratik bi puntura jarraitzen du. Igoera fasera sailkatzeko borrokan dabilen taldea hartu zuen Anaitasunak etxean zapatuan, eta saiatu eta borrokatu arren, ezin izan zuen etekinik atera. Atsedenaldirako bidean, 42. minutuan, egin zuen lehen gola Deustok: epaileak penaltia adierazi zuen Bizkaikoen alde, Masach atezainak gelditu egin zuen jaurtiketa, baina ondoren etorri zen alderatze festan baloia sareetara bidaltzen asmatu zuten halako batean Deustokoek. Lehen zati amaierako kolpea igarri zuten etxekoek bigarrenean, berdinketaren bila ezin asmatuta ibili zen Anaitasuna, eta Deustok ez zuen estuasun handirik izan; aldiz, bigarren gola egin zuten bisitariek 82. minutuan, etxeko atezainaren hutsa baliatuta. Epaileak bost minutuko luzapena ezarri zuen eta azken minutuan penalti jaurtiketa gelditu zion Deustoko atezainak Anderri. Aste honetan bi jardunaldi jokatuko dituzte Anaitasunako gizonek: etzi, maiatzaren 1a, Alaves C-ren zelaian jokatuko dute; eta igandean, 18:00etan, sailkapenaren azken tokian dagoen Añorga hartuko dute Txerloian.

Bestelakoak izan dira kontuak Anaitasunarentzat Euskal Ligaren azken jardunaldian. Mikel Barqueroren taldeak urrezko hiru puntu batu zituen atzo San Ignaciio B-ren zelaian, eta oso gertu dute mailari eusteko helburua. Hiru puntuz gain morala ere indartzen duten garaipen horietakoa lortu zuten Anaitasunaren emakumeek Gasteizen. Izan ere, markagailua iraulita irabazi zuten, 1-2. Bigarren zatian iritsi ziren neurketako gol guztiak. Etxekoentzat izan zen lehendabizikoa, 65. minutuan. Anaitasunarenak, berriz, neurketaren azken ordu laurdenean iritsi ziren. Arettek egin zuen berdinketarena, 78. minutuan, area ertzean aldaratze bat jaso eta handik jaurtiketa bikaina eginda. Eta handik bost minutura, 83.ean, Anaitasunari garaipena emango zion gola sareratu zuen Junek; atezainak Mariaren jaurtiketa desbideratzea lortu zuen, baina aldaratzea ez zuen alferrik galdu Junek. Anaitasuna hamahirugarrena da sailkapenean, 36 punturekin. Datorren zapatuan jokatuko du azken hirugarren jardunaldiko partida, sailkapenean lau puntura atzetik duen Añorga B-ren etxean.