Eskolarteko Gelatik Plazaran txapela irabazi du Urola Erdiko taldeak

Nerea Uranga 2024ko api. 29a, 11:01

Nora Arrizabalaga, Ane Peña, Greta Etxaniz eta Mikel Zabala, Gelatik Plazaran txapela irabazita. (Naia Arrizabalaga)

Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean jokatu dituzte Gelatik Plazara bertso txapelketako finalak, eta finaletako bat irabazi du Ane Peña, Greta Etxaniz, Nora Arrizabalaga azkoitiarrek eta Mikel Zabala errezildarrak osatutako taldeak.

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu zuten atzo, igandea, Aretxabaletan. Egun horren baitan, eskolarteko Gelatik Plazara bertso txapelketako bi final jokatu zituzten. Finaleko bat Urola Erdiko taldeak irabazi zuen, Ane Peña, Greta Etxaniz, Nora Arrizabalaga azkoitiarrek eta Mikel Zabala errezildarrak osatutakoak. Beste finala, berriz, Villabona-Asteasuko taldeak irabazi zuen.

Joanes Azpillaga azpeitiarra Gelatik Plazaran kantuan. (Naia Arrizabalaga)

Joanes Azpillaga azpeitiarrak eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak jantzi zizkien txapelak Urola Erdiko taldekideei. Azpillaga Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapeletako txapeldunordea da, eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketako finalean ariko da ekainaren 15ean, Arantzan (Nafarroa).