Udal zerbitzuen eta politika publikoen kalitatea ebaluatzeko galdetegia zabaldu du udalak

Ane Olaizola 2024ko api. 26a, 09:05

ELoGE proiektuaren barruan, udalak autoebaluazio prozesua abiatu du, eta gobernu onaren ezaugarri diren hamabi printzipioen inguruko iritzia helarazi diezaiokete herritarrek udalari, maiatzaren 20an. Lana aurrera eramateko, herritarren iritzia jasotzea "beharrezkoa" du udalak, eta beraz, herritarrei dei egin die galdetegia bete dezaten.

Azkoitiko Udalak inkesta bat zabaldu die herritarrei, udal zerbitzuen eta politika publikoen kalitatea ebaluatzeko. Hain zuzen, ELoGE proiektuaren barruan, udalak autoebaluazio prozesua abiatu duela azaldu du erakundeak, "etengabeko hobekuntzari helduta". Horrenbestez, gobernantza onaren ezaugarri diren hamabi printzipioen inguruko iritzia helarazi diezaiokete herritarrek udalari.

Maiatzaren 20ra artean erantzun daiteke galdera sorta, bi modutara: digitalean, azkoitia.eus webgunetan eta udalak sare sozialetan zabaldutako loturan; eta paperean, Herritarren Arreta Bulegoan eta Elkarguneko harreran eskuragarri dauden galdetegiak hartu, bete eta han jarri dituzten buzoietan utzita.

Lana aurrera eramateko, herritarren iritzia jasotzea "beharrezkoa" du udalak, eta beraz, herritarrei dei egin die galdetegia bete dezaten. "Anonimoa da, eta erantzuteko bost minutu nahikoak dira". Haren arabera, ekimenak hobekuntza instituzionala eta berrikuntza, zerbitzu publikoen kalitate hobea, herritarren parte-hartze aktiboagoa eta herritarren beharretara egokitutako politika publikoak ditu helburu.

Europako Kontseiluaren bikaintasun zigilu ELoGE proiektuaren barruko ebaluazioa da udalak abiatu duena, zeinak "tokiko gobernuen gobernantza onaren kalitate gorena" egiaztatzen duen. Udalaren arabera, 12 printzipiotan eta 72 adierazletan oinarritzen da ebaluazioa, eta EUDEL da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletxeetan zigilua ezartzeko akreditazioa duen erakundea. Azkoitiko Udalak saiakera egitea erabaki duela adierazi du, gai horietan "nola dagoen eta zeintzuk diren hobetzeko aukerak ikusteko". Autoebaluazioa eta inkestak egin ondoren, kanpoko auditoria batek emaitzak eta txostenak aztertuko ditu, eta ELoGE Batzordeak emango du azken ebazpena. "Zigilua lortzen den ala ez alde batera utzita, udalak aukera du hurrengo edizioetara aurkezteko eta hobetzen jarraitzeko hainbat alderditan, hala nola parte-hartze demokratikoan, etika publikoan, kontu-ematean, gardentasunean, kudeaketa ekonomiko-finantzarioan, jasangarritasunean eta berrikuntzan", esan du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide