Gipuzkoa Merkatarien Federazioak Urola Erdiko merkatariak omenduko ditu astelehenean

Iraia Oteiza 2024ko api. 25a, 11:23

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak merkatari txikiak omentzen dihardu, bere 90. urteurrenaren harira. Urola Erdiko bost saltoki omenduko ditu oraingoan, tartean, Azkoitiko Aizterri Home, Sofia Studio 18 eta Martiarena inprimategia. Ekitaldia datorren astelehenean izango da, Elkarguneko Intsausti aretoan, 13:45ean.

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak 90 urte bete zituen iaz, eta merkatari txikiak omentzen dihardu Gipuzkoa osoan barrena. Urola Erdiko zenbait merkatari omenduko ditu datorren astelehenean, Elkarguneko Intsausti aretoan egingo duen ekitaldian. Azkoitiko Aizterri Home, Sofia Studio 18 eta Martiarena inprimategia; Azpeitiko Agirre oparidenda; eta Zestoako Errasti Elorza denda izango dira omenduak.

Omenaldiez gain, Ami Bondia komunikatzaileak hitzaldia eskainiko du, XXI. mendeko aukerei ahalik eta etekin handiena nola atera azalduz eta ekintzarako bidea hartzeko pentsamolde positiboa eskuratzeko gakoak emanez. Halaber, eskualdeko lau saltokik euren kasua azalduko dute, ezbeharrak gorabehera, aurrera jarraitzeko eta berritzeko izan duten gaitasuna ezagutaraziz. 

Ekitaldiari 13:45ean emango diote hasiera, baina aurretik, 13:15ean, mokadutxo bat egiteko aukera eskainiko dute. Bertaratu nahi duten merkatariek Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren webgunean baieztatu dezakete bertaratzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide