Eduki babestua

Padel Urola, ikasteko eta gozatzeko

Erredakzioa 2024ko api. 26a, 15:17

Duela bi hilabete ireki zuen Richard Solanak Padel Urola. Azpeitiko kirol zentroak hiru padel pista ditu, laugarren bat gehitzeko lekua, aldagelak, armairuak, zerbait jateko makinak, eta lasai egoteko txokoa. Kirola eta instalazioak ezagutzera animatu nahi ditu Solanak.

Betidanik izan du gustuko padela Richard Solana errenteriarrak. Gustukoa ogibide bihurtzeko gogoz, padel kantxak irekitzeko ideia garatzen hasi zen. Gipuzkoa osoan begira aritu ondoren, Azpeitiko Anardi industriaguneko pabilioi batekin egin zuen topo, eta lekurik aproposena zela erabaki zuen.

Hala, duela bi hilabete ireki zuen Padel Urola. Kirol zentroak hiru padel pista ditu, laugarren bat gehitzeko lekua, aldagelak, armairuak, zerbait jateko makinak, eta lasai egoteko txokoa.

Ordudanik Azpeitiko eta inguruetako ehundaka lagun igaro dira instalazioetatik, eta arduradunak pozik agertu dira herritarren aldetik jasotako erantzunarekin: “Hilabete horietan Padel Urolatik igaro direnak gustura agertu dira, asko itzuli egin dira eta pozgarria da hori”, azaldu du Solanak.

Ikastaroak eta lehiaketak

Padel Urolak eskaintzen dituen zerbitzuak ugariak dira: pistak alokatzen dituzte taldeek partidak joka ditzaten, eta ikastaroak ere eskaintzen dituzte, besteak beste. “Ikastaroak nahi dituzten herritarrek harremanetan jar daitezke nirekin Urola Padelen bidez, eta informazio guztia emango zaie”, argitu du Solanok.

Lehiaketa desberdinak ere antolatzen dituzte. Duela aste batzuk gizonezkoena antolatu zuen, eta larunbat honetan, emakumezkoen txanda izango da, 09:00etatik 13:00etara. “Aukera ederra da kirola bera, eta sortzen den giroa ikusteko. Dagoeneko 10 pertsonek eman dute izena, eta sariak eta zozketak egingo ditugu. Ea gero eta neska gehiago animatzen den etortzera eta padelean jokatzera”, adierazi du Padel Urolako arduradunak.

Azken finean, kirola ezagutzera eman nahi du, eta Azpeitiko eta inguruko herritarrak probatzera animatu nahi ditu: “Berdin du maila, etor daitezela probatzera, edo saioak hartzera. Seguru gustuko izango dutela”.

Padel Urolarekin harremanetan jartzeko webgunea erabil dezakete herritarrek, 669 90 40 46 telefonora deitu edota padelurola@gmail.com helbidera idatzi.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide