Merkal Oinetakoak saltokietako langileek greba hasi dute, "lan baldintza eskasak duintzeko"

Ane Olaizola 2024ko api. 23a, 15:01
Azkoitiko Merkal Oinetakoak saltokia. (Andoni Elduaien)

Enpresak Gipuzkoan dituen zortzi saltokietatik seitan hasi dituzte mobilizazioak; tartean, Azkoitikoan. Apirileko eta maiatzeko ostiralak eta larunbatak greba egunak izango dituzte langileek, enpresak ez duelako "borondaterik" agertu enpresa hitzarmena gauzatzeko.

Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako 50 langilek mobilizazioetara jo dute, enpresa hitzarmena lortzeko asmoz. Enpresa horrek zortzi saltoki ditu Gipuzkoan, eta horietatik seitan greba egunak deitu dituzte apirileko eta maiatzeko asteburuetarako; tartean, Azkoitikoan.

ELA sindikatuak adierazi duenez, 2023ko urrian lantaldeak erabaki zuen enpresa hitzarmena lortzeko negoziazioak hastea, "lan baldintza eskasak duintzeko". Hain zuzen, honako hiru eskaera nagusi helarazi dizkiote langileek zuzendaritzari: kontziliazioaren alorrean, urtean dituzten lau asteburu libreak enpresak ez inposatzea eta oporren hasiera ere beharginek aukeratu ahal izatea galdegin dute langileek. Horrez gain, udako larunbatetan malgutasun handiagoa izatea eta asteko gutxieneko atseden eguna errespetatzea eskatu dute; soldatei dagokienez, berriz, enpresak langileen antzinatasuna ordaindu dezala nahi dute; azkenik, adostutakoa betetzeko berme gisa, enpresa hitzarmena eskatu dute.

Hainbat hilabetetako negoziazioen ostean, ordea, enpresak horien "edukietan aurrera egitea" ez duela nahi salatu du sindikatuak, eta haren "borondate faltaren aurrean" erabaki dute mobilizazioetara jotzea. Hori horrela izanik, apirileko eta maiatzeko ostiralak eta larunbatak greba egunak izango dituzte langileek, jakitun "salmenta gehien" izaten den sasoia dela hori.

Joan den asteburuan hasi ziren greba egiten, eta Azkoitiko saltokia itxita egon zen. Era berean, enpresako denda eta bulegoetan elkarretaratzeak egingo dituzte greba egunekin batera. Azkoitian, maiatzaren 18an egingo dute protesta, Merkal Oinetakoak enpresak Axiri merkatal gunean duen saltokiaren aurrean, 12:00etatik 13:00etara bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide