Maiatzaren 2an zabalduko dute udaleku irekietarako izen-ematea

Ane Olaizola 2024ko api. 22a, 10:33

Haurrei zein gazteei zuzendutako Praka Motxakin, Artxabentura eta Trebatzen udaleku irekiak antolatu ditu Azkoitiko Gazteria Sailak ekaina eta uztailerako, eta herritarrek maiatzaren 2tik 12ra artean eman ahal izango dute izena.

Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak Udaz blai izenarekin prestatu ditu beste urte batez Praka Motxakin, Trebatzen eta Artxabentura udaleku irekiak. Ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean egingo dituzte Praka Motxakin udalekuetako ekintzak, eta Artxabentura, berriz, ekainaren 24tik 28ra egingo dute. Trebatzen egitasmoaren barruan, berriz, bederatzi tailer eskainiko dituzte, ekainean eta uztailean zehar.

Datorren maiatzaren 2an zabalduko dute izen-ematea, eta hilaren 12ra bitartean egongo da horretarako aukera. Antolatzaileek azpimarratu dute epez kanpoko inskripziorik ez dutela onartuko. Elkargunean dagoen Gazte Zerbitzu Bulegoan eman beharko da izena, 16:30etik 20:00etara arteko ordutegian edo www.gazteriazkoitia.eus webgunean, aurrez ordainketa eginda. Praka Motxakin udalekuetarako izen-ematea bakarka egin beharko da.

Praka Motxakin udalekuetan HH3 mailatik LH6 mailara arteko ikasleek parte hartu ahalko dute. Aurten, hiru txandetan banatuta egingo dituzte udalekuak: lehen txanda ekainaren 24tik uztailaren 5era artean egingo dute; bigarrena, uztailaren 8tik 19ra artean; eta UZT+ deiturikoa izango da hirugarrena, uztailaren 22tik 24ra artean gauzatuko dutena. Antolatzaileek bilera egingo dute udaleku horietan parte hartuko duten umeen gurasoekin, ekainaren 12an Elkarguneko Intsausti aretoan, 19:00etan hasita.

Artxabentura udalekuetan, berriz, DBH1etik DBH4ra arteko ikasleek eman ahalko dute izena, eta horiek astebeteko txanda bakarra izango dute, ekainaren 24tik 28ra bitartean.

Bestalde, Trebatzen egitasmoaren barruan lantegi udalekuak antolatu ditu Gazteria Sailak. Kodeka, brikolajea, sormena, margoa, sukaldaritza zein makramea landu ahal izango dituzte LH3 eta DBH2 maila bitarteko ikasleek, 10:00etatik 13:00etara artean egingo dituzten saioetan. 

Hemen irakur daiteke udaleku guztien informazioa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide