Ana Mari Eizagirre: "Eliteko kirola praktikatzeak asko izorratzen du gorputza"

Iraia Oteiza 2024ko api. 18a, 12:15
Ana Mari Eizagirre. (Utzitakoa)

Emakume altua zelako hasi zen Eizagirre saskibaloian jokatzen. Lehen Mailako talde bat baino gehiagotan jokatu zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta Erreginaren Kopa ere irabazi zuen.

Ana Mari Eizagirre (Azkoitia, 1963) hamahiru urtez saskibaloi jokalari profesionala izan zen, 1980tik 1993ra bitartean. 17 urte zituela ekin zion azkoitiarrak bere kirolari ibilbideari, eta 30 urterekin utzi egin behar izan zuen, lesio bat medio. "Intentsitate handiko" urteak izan zirela dio Eizagirrek, baina garai hartako "oroitzapen politak" ditu.

Nolatan sortu zitzaizun saskibaloirako afizioa?

17 urterekin ez nekien nola jokatzen zen saskibaloian, ezta zehazki zer zen ere, inoiz saskibaloi partida bat ikusi ere egin gabea bainintzen. Garai hartan, gainera, ikastetxeetan ez zen saskibaloian aritzeko aukerarik egoten, ez baitzegoen eskola kirolik edo antzeko ezer. Lagunetako batek zera esan zion behin gure osabari: "Hire ilobak, hain neska altua izanda, nolatan ez dik saskibaloian jokatzen?". Hantxe hasi zen guztia.

Donostian emakumeen saskibaloi talderen bat ba omen zela eta, haraxe joan ginen probatzera lagun bat eta biok, nire osabarekin batera. Las Banderas zuen izena taldeak. Aurrena partida bat ikusi genuen, eta entrenatzaileari saskibaloian jokatzen ikasi nahi genuela esan genion gero. Hark baietz, eta hurrengo egunean hasi ginen entrenatzen.

Altua izateari garrantzi handia ematen al zitzaion saskibaloian jokatzeko garai hartan?

Gaur egun ez da arraroa gazteak altuak izatea, baina ni hasi nintzenean ez zen ohikoa emakume altuak ikustea. Altuera operazioa deiturikoa egon zen Caceresen [Espainia], eta han izan nintzen. Espainiako pertsona altuenak bildu ginen eta entrenatzen aritu ginen, saskibaloirako balio ote genuen jakiteko. Nire kasuan, gaitasunak banituela esan zidaten. Hasi berritan izango zen hura, 17 urterekin.

Hutsetik hasi beharra izan zenuen. Zaila izan al zen saskibaloian jokatzen ikastea?

Taldekideek asko jokatzen zuten, eta ni ere berehala trebatu nintzen. Entrenatzaile oso onak izan nituen, eta horrek asko lagundu zidan.

Donostiako Las Banderas taldearekin hasi zenuen ibilbidea, baina Lehen Mailako talde gehiagotan ere jokatu zenuen.

Zehazki zenbat gogoratzen ez dudan arren, urte dezente egin nituen Donostian. Lehenengo urtean Azkoititik joan-etorrian ibiltzen nintzen, baina bigarren urtetik aurrera taldeak etxea jarri zidan hiriburuan eta han jarri nintzen bizitzen.

Geroago, Lugoko [Galizia] Arjeriz Xuncas taldetik deitu zidaten, eta hiru urtez jokatu nuen han. Hura amaitutakoan, berriz, Banco Zaragozano taldeak fitxatu ninduen, eta orduan irabazi genuen Erreginaren Kopa, 1990ean. Jerez de la Fronteran [Espainia] jokatu genuen neurketa, eta lehia estu baten ostean, 95 eta 94 garaitu genuen Microbank El Masnou Kataluniako taldea. Ikaragarria izan zen.

Talde horiez gain, urtero jokatu nuen Espainiako selekzioarekin. Esan daiteke nire saskibaloi jokalari garaian geratu ere egin gabe aritu nintzela. Amaierarako, ordea, lesioak izaten hasi nintzen, tartean disko hernia, eta orduan etorri zen beherakada. Atzera Donostia aldera gerturatu nintzen eta hantxe egin nituen nire azken hilabeteak. 30 urterekin erretiratu nintzen saskibaloitik.

Galizian, Zaragozan... gogorra egin al zitzaizun etxetik kanpo egon beharra?

Hasieran kostatu egin zitzaidan, etxe zuloa naizelako eta oraindik oso gaztea nintzelako. Baina ez nintzen kanpotik joandako bakarra, eta elkarrekin bizi ginenez, lagunartean gustura egoten nintzen. Gainera, familiakoak sarritan joaten ziren bisitan.

Espainiako selekzioarekin ere 120 partidatik gora jokatu zenituen. Zer-nolako esperientzia izan zen hura?

Garai ederra izan zen, eta nahiko ongi moldatu nintzen. Oroitzen dut ehun partida jokatu nituenean plaka bat eman zidala Espainiako Federazioak. Noski, alde txarrak ere bazituen selekzioarekin jokatzeak, esaterako, Gabon garaian etxetik kanpo egon behar izaten genuen askotan, txapelketetarako prestatzen.

Ana Mari Eizagirre, ezkerrean. (Utzitakoa)

Aukerak ezberdinak direla esango al zenuke saskibaloian jokatzean, emakumea ala gizona izan?

Gure garaian aldea nabari zen, eta orain ere egoerak antzeratsu jarraitzen duela esango nuke. Garai hartan gizonen partida gehiago ikusten ziren, baina baita orain ere; soldatak ere altuagoak ziren gizonenak, eta orain ere hala izango dela pentsatzen dut.

Zer aholku emango zenioke saskibaloi jokalaria izan nahi duen emakume gazte bati?

Horretara animatuko nuke, baina gauza batzuk sakrifikatu beharko dituela ere esango nioke. Lagunekin parrandara ateratakoan, esaterako, nik ezin izaten nuen besteek bezala ibili, askotan ateratzerik ere ez nuen izaten. Halako sakrifizio txikiak egin behar dira. Ni nahiko diziplinatua nintzen, eta ongi eraman nuen arlo hori. Niretzako positiboa izan zen saskibaloiko garaia, gauza batzuk gal daitezkeelako, baina beste batzuk irabazi ere bai.

Horrez gain, lesioen inguruan ere ohartaraziko nuke, eliteko kirolaria izanda eta egunero ordu askoan entrenatuta gorputzak min har dezakeelako. Kirola osasuntsua dela esan ohi da, baina eliteko kirola praktikatzeak asko izorratzen du gorputza. Orduan ez, baina orain garbi ikusten dut hori. Gorputz guztiak ezberdinak dira, ordea, eta denei ez zaizkie halakoak gertatuko.

Lesioengatik erabaki zenuen saskibaloia uztea. Ordutik jokatu al duzu batere?

Gazteak entrenatzen ibili izan naiz, nire semearen taldea, edota Karmelo Etxegaraiko talderen bat... baina jokatzen batere ez. Nire gorputza ez zegoen jada horretarako, eta pixkanaka galdu egin nuen saskibaloian jokatzeko ohitura ere.

Iraurgi saskibaloi klubak omenaldia egin zizun joan den asteburuan, "saskibaloiak emandako inguruko palmares aberatsenetakoa" duzula argudiatuta. Nola jaso zenuen berria?

Saskibaloia utzi nuela 30 urte igarota, ez nuen halakorik inondik inora ere espero, are gutxiago, Iraurgin inoiz jokatu ez dudala kontuan izanda. 50. urteurrenari begira egiten ari diren omenaldietan nirekin gogoratzea eskertzekoa izan da, eta sorpresa pozgarria izan da niretzat, urte askoan egindako lanaren oroigarri txiki bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide