Moda ultra azkarrari, jostorratza

Ane Olaizola 2024ko api. 18a, 10:00
Arropa, saltoki batean salgai. (Pexels)

Fashion Revolution mugimenduarekin bat eginez, kalean arropak konpontzeko deia zabaldu dute Azkoitian larunbaterako, berrerabilpena sustatzeko asmoz.

Fashion Revolution mugimenduak deituta, askotariko ekintzak egiten ari dira egunotan nazioartean, modak azken urteotan hartu duen abiadura "ultra azkarrak" eragiten dituen ondorioen jabe izan daitezen herritarrak. Moda "jasangarri eta justura" bidean, kalitatea eta osasuna lehenesten dituen moda industria aldarrikatzen du mugimenduak, eta apirilarekin batera askotariko ekintzak prestatu ohi dituzte, 2013ko apirilaren 24an Bangladeshen izan zen lan istripuan sektore horretako 1.138 behargin hil eta beste 2.500 zauritu zirela gogoratuz. Beste hainbat herritan bezala, Azkoitian ere hainbat lagunek bat egin dute mugimenduarekin, eta arropa publikoan, kalean, konpontzeko eguna deitu dute larunbaterako.

Mixa Fortova artisaua da egitasmoaren antolatzaileetako bat, eta hark azaldu duenez, etzi Kontzejupean elkartuko dira, 16:30etik 19:30era bitartean. Norberak eraman ahal izango du konpontzeko duen arropa, eta norberak josiko du unean bertan, besteen laguntzarekin. "Unean bertan jostea eta josten ikastea da kontua. Ez dago josten jakin beharrik, bakoitzak partekatuko du dakiena, eta elkarri lagunduko diogu". Antolatzailearen arabera, josteko makina eta bestelako material guztia bertan egongo da erabilgarri.

Egindakoa, erabili gabe

Fortovaren esanetan, egitasmoaren helburua da herritarrek modaren gaineko kontzientzia hartzea, gero eta azkarrago doan industria delako hori: "Egun, arropa di-da batean diseinatzen da, eta ahalik eta azkarren ekoizten dute. Ondoren, Txinatik edo Bangladeshetik hegazkin erraldoietan iristen dira arropa tonak Zaragozara (Espainia), Europan zehar zabaltzeko. Arropa hori guztia aste batzuetan besterik ez da egongo saltokietan, dagoeneko multinazionalek ez baitute arropa urteko lau denboraldietan mantentzen; aste batzuen ondoren, aldatu egiten dute". Antolatzaileak azpimarratu du horren ondorioz arropa asko ez dela saltzera iristen, eta beraz, ezta erabiltzera ere.

Gainera, ekoizten den arropa askok erabilpen mugatua duela esan du hark: "Aste gutxi batzuetako iraupena edukitzeko sortuta dago arropa, gero kolorea eta forma galtzen du, jostura puskatzen zaio... Jantzi hori ez dago pentsatuta berrerabilpenerako, ez dagoelako erabiltzeko moduan, norberak nahi izanda ere".

Askotariko ondorioak

Ertz ugari dituen industria da modarena, ondorioak ere askotarikoak baitira: sortzen duen kutsadura "ikaragarria", arropa ekoizten dutenen lan baldintza desegokiak, lehengaien kalitate "eskasa"... Azken horri ere egin dio Fortovak erreferentzia: "Pentsatu behar dugu sei euroko kamiseta batek zer-nolako tindagaiak eta hariak dituen, eta garbi eduki behar dugu hori guztia gure organismoan sartzen dela, azala iragazkorra delako, eta pestizidekin hazi den kotoiak edo tindagai toxikoak eragina izan dezakeela gugan. Produktu kimiko ugari erabiltzen dituzte, arropa dendan polit egoteko".

Horren aurrean, kalitatezko arropa konpondu eta berrerabiltzeak "merezi" duela bistaratu nahi dute Fashion Revolution mugimenduarekin bat egin duten herritarrek, luzarora begira merkeagoa ere badela azpimarratuz. "Askoz diru gehiago gastatzen da arropa behin eta berriz erosita, kalitatezko jantzi bat ondo zainduta baino". Zentzu horretan, konponketa lanei balioa eman nahi diete.

Antolatzailearen hitzetan, herritarrak "errudun" sentitu ohi dira moda kontsumoari buruz hitz egiterakoan, baina azpimarratu du horretan lan egiten duten enpresak direla egoeraren erantzule. "Enpresa batzuek milioika euro gastatzen dituzte guk haien arabera kontsumi dezagun: horretarako bideak jartzen dizkigute, eta ez da erraza handik ateratzea. Dena den, guk ere badugu egoera aldatzeko aukera". Horregatik, moda industria eta kontsumo ultra azkarra iraultzeko, jostorratzak aterako dituzte kalera, eta herritar oro animatu dute saioan parte hartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide