Urola ibaia garbitzeko lanak hasi ditu udalak

Iraia Oteiza 2024ko api. 17a, 17:58
Ibaian aurkitutako zaborra. (Azkoitiko Udala)

Hiru eremutan banatuta garbituko dute ibaia: Ipintza eta Jausoro artekoa aurrena, Basterretxe industrialdetik Berrosuetako zubirainokoa bigarren, eta herrigunea ondoren.

Urola ibaiko hondakinak ateratzeko lanak hasi ditu gaur Azkoitiko Udalak. Garbiketa lanak egiteaz udal brigada eta Txukun Lorazantza enpresa arduratuko dira, eta hiru eremutan banatuta garbituko dute ibaia: batetik, Ipintza eta Jausoro arteko eremua garbituko dute, Altzibarko presan hasi eta Jausoroko zubi parerainoko tartea. 1, 90 metroko luzera du eremuak; bestetik, Basterretxe industrialdetik hasi —Eroskiko aparkalekutik— eta Berrosuetako zubi parera arteko tartea garbituko dute, 1,50 metroko luzera duena; eta azkenik, herriguneko ibaia garbituko dute. Azken garbiketa hori aurrerago egingo dute.

Udalak jakinarazi duenez, garbiketa lanen aurrekontua 7.590 eurokoa da. Halaber, ohartarazi du plastikoak, zigarrokinak, toallatxoak eta edari latak direla ibaian aurkitu ohi dituzten hondakin nagusiak eta arreta eta kontzientzia handiagoz aritzeko eskatu du, hondakinak ibaira iritsi eta itsas hondoan amaitu ez dezaten. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide