Tratu txarrak jasandako emakume batek salatu du etxegabetu egin dutela

Ane Olaizola 2024ko api. 17a, 16:22
(Argazkia: Alex Berasategi)

Izzana Abaizid 49 urteko emakumea, 80 urteko ama eta adin txikiko bere bost seme-alabak etxegabetu dituzte gaur goizean Azkoitian, epailearen aginduz. Emakumeak salatu du ez duela udalaren "laguntzarik" jaso, "behin eta berriz" eskatu badio ere. Udalak, berriz, azpimarratu du Gizarte Zerbitzuek horrelako kasuetarako protokoloa "zorrotz" bete dutela.

Azkoitiko bizilagun Izzana Abaizidek Maxixatzeni jakinarazi dionez, etxegabetu egin dute gaur goizean bost seme-alabekin eta amarekin batera, epailearen aginduz. Etxegabetzea gauzatu ondoren hitz egin du emakumeak hedabide honekin, eta azaldu dio ez daukala nora joan: "Ez dakigu gaua non igaroko dugun ere", adierazi du. 49 urteko emakumea indarkeria matxista jasandakoa da, eta salatu du ez duela udalaren "laguntzarik" jaso, Gizarte Zerbitzuetan "behin eta berriz" eskatu izan duen arren. Seme-alaba guztiak adin txikikoak dira, eta amak 80 urte ditu.

Abaiziden arabera, Azkoitian dago erroldatuta duela hamabi urtetik. Tratu txarrak jasan ostean, senar ohiari urruntze agindua ezarri zioten, baina Hendaiara (Lapurdi) joan ziren bizitzera, "haren beldur". Handik itzultzea erabaki zuten gero, eta orduz geroztik, zazpi senideak Azkoitiko etxebizitza batean alokairuan bizi zirela adierazi du emakumeak. Hura "ordaindu ezinda", ordea, etxegabetu egin dute gaur goizean.

Egoeraren aurrean, etxegabetuak udalari laguntza eskatu dio, "bere eskura dituen baliabideak" jar ditzan. Hain zuzen, gutxienez egoeraren inguruko txostena egin dezala galdegin dio erakundeari Abaizidek: "Etxebizitzaren bat utzi ezin badit ere, behintzat guri buruzko txostena egiteko eskatzen diot, ondoren Caritasera edo Eusko Jaurlaritzara jo dezagun, udalaren txostenik gabe haiek ezin digutelako lagundu". Egoeraren aurrean, herritarrei ere dei egin die, "nola edo hala" lagundu diezaieten.

Protokoloa "zorrotz" beteta

Maxixatzen Azkoitiko Udalarekin jarri da harremanetan, eta hark adierazi dio etxegabetzea epaile batek agindu duela eta horretan udalak ez daukala zer eginik. Dena den, baieztatu du udaleko Gizarte Zerbitzuek lehendik bazutela emakumearen egoeraren berri, harekin harremanetan daudela, haren espedientea badutela, eta horrelako kasuetarako protokoloa "zorrotz" bete dutela. Ordea, Datu Pertsonalak Babesteko Legea dela eta, udalak ez dauka kasuari buruzko informaziorik zabaltzerik, eta bere burua defendatzeko orduan "eskuak lotuta" ditu, baina honako bi datu eman ditu: batetik, "Gizarte Zerbitzuek eta Udaltzaingoak jakin ahal izan dutenez, emakumea eta haren familia ez dira etxebizitza horretan bizi"; eta bestetik, "bost seme-alabak ez daude herriko ikastetxeetan eskolatuta".

"Alternatibarik ez"

Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak ere etxegabetzearen berri eman du, eta "gogor" salatu du gaur jazotakoa: "Etxegabetzearen berri izan bezain pronto bertaratu gara Etxebizitza Sindikatuko kideok, baina jada gauzatuta zegoen etxegabetzea. Familiarekin bildu gara, eta Gizarte Zerbitzuetara joan gara alternatiba bat exijitzera eta egoera honen ardura hartzeko eskatzera. Gizarte Zerbitzuetatik, ordea, ez diete inolako alternatibarik eskaini", azaldu dute.

Etxebizitza Sindikatuaren arabera, "argi" geratu dira Gizarte Zerbitzuek dituzten "mugak eta arazo errealei konponbidea emateko duten ezintasuna". Egoeraren aurrean, "mota guztietako etxegabetzeak eteteko borrokan" jarraituko dutela agindu dute, eta interesa duten orori deia egin diete sindikatuan parte hartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide