Ostiraleko pilota partidarako materiala hautatu dute pilotariek

Iraia Oteiza 2024ko api. 16a, 16:36
IƱaki Artola eta Aitor Elordi pilotariak, goizeko pilota aukeraketan. (Iraia Oteiza)

Goizean egin dute ostiraleko pilota partidarako material aukeraketa, Gurea frontoian. Aitor Elordi eta Iñaki Artola pilotariak izan dira herriko pilotalekuan, eta biek pilota astunak hautatu dituzte.

Gaur, asteartea, ostiraleko lehiarako materiala hautatzen izan dira Aitor Elordi eta Iñaki Artola pilotariak. Izan ere, ostiralean jokatuko dituzte Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako bigarren jardunaldiko partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Bi pilotariek pilota astunak aukeratu dituzte ostiraleko partidarako: 106,5 eta 105,8 gramoko pilotak Elordik, eta 106,2 eta 105,9 gramokoak Artolak.

22:15ean hasita, lehen mailako nahiz promozio mailako buruz buruko partidak ikusi ahal izango dituzte pilotazaleek herriko frontoian. Lehen mailako lehian, Elordik eta Artolak neurtuko dituzte indarrak, eta jarraian, Egiguren V.aren eta Zubizarreta III.aren buruz buruko partida izango da. Hirugarren partida, aldiz, binakakoa izango da, eta Elezkano II.a-Erostarbe eta Etxeberria-Gaskue bikoteak izango dira lehian.

Pilota partidak ikusteko sarrerak Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke, 35 edo 20 euroren truke; 35 euro balio dute kantxako sarrerek eta 20 euro goiko solairukoek nahiz errebotekoek.

Txaranga, giroa berotzeko

Frontoira joan aurretik kalean ere izango da entretenimendua. Arratsalde-gaua borobiltzeko, udalak antolatuta, Irulitxa Fanfarrea txaranga ibiliko da kalez kale 18:30etik 20:30era bitartean, festa giroari bide emanez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide