Erretratua

Maina Arzallus: "Inor ez dago josten irakasteko eta zaila da gazteek ikastea"

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 28a, 16:00

Maina Arzallusen erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Eskulanak umetatik maite ditu Arzallusek, eta jostea du guztien artean maiteena. Joskintza ikasketak ere egin zituen, baina inoiz ez da jostetik bizi izan. Hala ere, zuzenean edo zeharka, gustuko dituen jarduerekin lotutako lanean ari da azken mende laurdenean bere dendan, eta irakasle lanetan ere badabil.

"Segituan hasi ginen, bai puntuan eta bai kakorratz-lanean", dio Maina Arzallusek (Azkoitia, 1965), joskintzarekin zerikusia zuen lehen tresna eskuetan noiz hartu zuen gogoratzen al den galdetuta. 6-7 urte izango zituela uste du lehen jostorratza hartu zuenean. "Etxean" izango zen seguruenez, baina eskolan ere "mojekin" eskulangintza asko jorratzen zutela gogoan du azkoitiarrak, baita bere eskuekin egin zuen lehen jantzia ere: "Bufandatxo bat, andareentzako. Arropak ere egiten nizkien".

"Gehien-gehiena" jostea gustatzen bazaio ere, puntua eta kakorratza ere oso maiteak ditu. Txikitan urratzen hasi zen bidea ez du inoiz alde batera utzi; aitzitik, ikasten eta ekinez, jakituria eta abilezia pilatzen joan da urteekin. Joskintzan "gozatu" egiten du: "Imajinatzea, zerbait egitea, konpontzea, aldatzea... beti gustatu izan zait. Edozer gauza, berdin zait: puntua, kakorratza, jostea...". Oro har, eskulan guztiak atsegin ditu Arzallusek, eta landu ere ahal dituen denak lantzen saiatzen da; "baina astirik ez", dio: "Igoal jubilatutakoan hasiko naiz marrazten, edo margotzen... Eskuekin egiten den edozer gauza, igoal zait".

Tabernatik dendara

Jostetik edo hainbeste maite dituen gainerako esku langintzetatik ez da inoiz bizi izan Arzallus, nahiz eta duela 25 urte ireki zuen dendan zein beste batzuentzat konponketak-eta egin izan eta egiten dituen. Harentzat, joskintza eta eskulanak "hobby bat" dira; "besterentzat eta oparitzeko gehiago" aritu izan da, "diruaren alde baino".

Errexil tabernako alaba da Arzallus, eta familiaren negozioan egin zuen lan aitak erretiroa hartu eta taberna utzi zuten arte. "Orain zer egingo dinat?", galdetu zion bere buruari tabernako jarduna utzi zuenean, eta erantzuna nahiko erraz topatu zuen: "Gehien gustatzen zaidana". Horrela, 32-33 urterekin, pausoa aurrera eman eta "bizi osoan gustatu" izan zitzaion negozioa irekitzea erabaki zuen, mertzeria bat, hain gustuko zituen esku langintzekin lotura sendotuz. "Jendaurrean lan egitera ohituta nengoen, eta gainera, asko gustatzen zait jendearekin lan egitea", dio Arzallusek, erabakia hartzen lagungarri izan zitzaion beste alderdi bat aipatzeko. Lokala aurkitzea izan zen gehien kostatu zitzaiona, kontatu duenez. "Hasieratik argi nuen erostea nahi nuela, ez nuen nahi beti beste baten erabakien mende egon. Baina asko kostatu zitzaidan salgai zegoen lokal bat topatzea, garai hartan ia ez zegoen halakorik herrian". Gogoan du denda jartzeko egoitza bila zebilela lokal jabe batek esan ziona: "Berak ez zeukala saltzeko esan zidan, baina gehitu zuen goizetik gauera horretara jarriz gero, topatuko zukeela salgai zegoen lokalen bat. 'Neuk ere topatuko dinat, orduan', pentsatu nuen". Eta topatu zuen, azkenean, eta mende laurdena eta gero, hantxe jarraitzen du.

Maina Arzallus. (Utzitakoa)

Arantxa Urkiaren ikaslea

Denda ireki zuenetik bezeroen joerak aldatzen joan direla dio Arzallusek, bizimodua bera aldatzen joan den heinean. Adibide bat baino gehiago eman ditu, eta hau da horietako bat: "Lehen, zeuden galtzontzillo denak apal zati txiki batean kabitzen ziren. Orain, hau dena daukazu [atzean duen apal sail handia eskuekin seinalatu du], eta hala ere, ezin osatu. Aukera itxuragabe ugaldu da, gehiegi eta dena". Konponketa lanak "gero eta gehiago" egiten dituztela ere badio, eta horrek badu azalpena Arzallusen ustez: gero eta jostun gutxiago dago, eta gero eta asti gutxiago du jendeak, denek etxetik kanpo egiten dutelako lan. "Gure sasoian –dio Arzallusek– jostun pila bat zegoen, eta denek erakusten zuten josten. Josten ikastera joatea ere oso ohikoa zen, oinarrizko gauzak ikasteko besterik ez bazen ere. Orain inor ez dago josten irakasteko eta zaila da gazteek ikastea". Arantxa Urkia zen garai batean Azkoitian joskintza eskolak ematen zituztenetako bat, eta harekin ikasi zuen Arzallusek, 19 urterekin hasita. Ikasi, eta titulua atera ere bai; dendako mostradore atzeko paretan dauka zintzilikatuta. "Arantxa oso ona zen erakusten, egundoko pazientzia zuen. Kristoren emakumea zen", esan du Arzallusek Urkiaz: "Jende pila bat joaten ginen haren eskoletara. Oro har, eskolak ematen zituzten jostun guztiek izaten zuten jende asko".

Garai bateko konturik ez da gaur, baina hala ere, azken urteetan egin dituzte Azkoitian zenbait ikastaro, udalak emakumeen ahalduntzerako antolatutako eskaintzaren barruan, eta Arzallus bera irakasle aritzen da saio horietan. 2021etik gaurdaino, "bospasei" ikastaro egin dituztela dio Arzallusek, eta horiek harrera oso ona dutela gehitu du: "Puntuarekin eta kakorratz-lanarekin hasi ginen, eta azken ikastaroan joskintza ere gehitu dugu. Bakoitzak nahi duena eta nahi duen mailako lanak egiten ditu".

(Azkoitiko Udala)

Kirolzalea

Dendako lanak uzten dion asti apurraz gozatzeko, eskulanak eta jostea dira Arzallusen denbora-pasa gustukoenak; jertse bat, bestelako arroparen bat... "beti" izaten du egitekoren bat martxan.

Baina bada, joskintzarekin batera, Arzallus betitik "txoratu" izan duen beste jarduera bat: kirola. "Izugarri" gustatzen zaio kirola egitea, eta betitik egin izan du zerbait. Kirolarekin lotutako ikasketak egiteko tentatuta ere egon zen gaztetan, baina ez zegoen gaurko erraztasunik. "Madrilen neukan gertueneko aukera eta 80 plaza besterik ez zituzten eskaintzen, ez zegoen egun dagoen modulu aukerarik", kontatu du. Seme bat futbolean eta bestea areto futbolean aritu izan zaizkio, eta asteburuetako agenda haien egutegiaren arabera antolatu izan du ia beti, baina ez da kexu.

 

Motzean:

  • Adina: 58 urte.
  • Ikasketak: jantzigintza irakasle titulua.
  • Lanbidea: dendaria.
  • Dendaria ez banintz… Gorputz Hezkuntzako irakasle izateko ikastekotan egon nintzen.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunekin bueltatxoa edo pasieran ibiltzea gustatzen zait. Asteburuetan semearen futbol partidetara ere joaten naiz. Mendia asko gustatzen zait, baina aspaldian utzita nago. Denerako astirik ezin atera.