Johann Vexo Notre Dameko koruko organistak kontzertua eskainiko du igandean Azkoitian

Iraia Oteiza 2024ko api. 10a, 15:45
Johann Vexo.

Organoak Plazara zikloaren barruan eskainiko du kontzertua Vexok, parrokian, 17:00etan hasita.

Organoak Plazara zikloaren zazpigarren edizioa antolatu dute Musikenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, organoaren ondarea eta errepertorioa herritarrei hurbiltzeko asmoz. Apirilaren 12tik 21era bitartean eskainiko dituzte organo kontzertuak lurraldeko herri ezberdinetan, horietako bat Azkoitian. Johann Vexo Parisko Notre Dameko koruko organo jotzailea arduratuko da Azkoitiko parrokiako Cavaillé-Coll organoa jotzeaz, igandean, 17:00etatik aurrera. R.Wagner, C.M.Widor, C.Franck, L.Vierne, O.Messiaen eta M.Dupre konpositoreen obrez osaturiko errepertorioa eskainiko du organista frantziarrak.

Vexo Nancyko katedraleko Cavaillé-Coll organoaren titularra da, eta baita Estrasburgoko Kontserbatorioko eta Goi Mailako Musika Akademiako organo irakaslea ere. Christophe Mantouxekin ikasi zuen Estrasburgoko Kontserbatorioan, eta Parisko Musika Kontserbatorio Nazionalean jarraitu zuen organo ikasketekin, Michel Bouvardekin eta Olivier Latryrekin batera. Halaber, inprobisazio ikasketak egin zituen Thierry Escaichekin eta Phillippe Lefebvrerekin. Vexok maiz hartu izan du parte Europako, Estatu Batuetako, Kanadako, Australiako, Zeelanda Berriko edota Errusiako nazioarteko jaialdietan, gonbidatu gisa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide