Buruz buruko pilota txapelketako partidak jokatuko dituzte hilaren 19an, Gurea pilotalekuan

Andoni Elduaien 2024ko api. 9a, 11:26
Aitor Elordi pilotaria pilota partida batean. (Aspe)

Apirilaren 19an, eskuzko pilotari profesionalen jaialdia izango da Azkoitian. Buruz Buruko Txapelketan, Joseba Ezkurdia edo Iñaki Artola izango du aurkari Aitor Elordik, eta, Buruz Buruko Serie B Txapelketan, Iker Salaberriaren edo Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du Julen Egiguren Egiguren V.ak.

Buruz buruko pilota txapelketaren final laurdenetako bigarren jardunaldiko lehiak jokatuko dituzte hilaren 19an, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 22:15ean hasita, hiru pilota partida ikusi ahal izango dituzte pilotazaleek herriko frontoian: lehen mailako eta promozio mailako buruz buruko partida bana eta eskuz binakako beste bat, hain zuzen.

Buruz Buruko Txapelketa nagusian, lehen mailako pilotarien artekoan, Aitor Elordi iazko txapelduna arituko da batetik, eta hark Joseba Ezkurdia edo Iñaki Artola izango du aurkari. Promozio mailako Buruz Buruko Serie B Txapelketan, aldiz, Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra arituko da batetik, eta hark Iker Salaberria edo Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a izango du kontrario. Bi kasuetan ere, final laurdenetako lehen jardunaldiko emaitzaren arabera eratuko dute partida. 

Horrez gain, hirugarren partida bat ere izango da Gurea pilotalekuan, hura eskuz binakakoa. Batetik, Danel Elezkano Elezkano II.a eta Xabier Erostarbe arituko dira, eta bestetik, Pello Etxeberria binakako txapelketako azken txapelduna eta Andoni Gaskue.

Sarrerak, salgai

Eskuzko profesionalen pilota partidak ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko. Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke, 35 edo 20 euroren truke; 35 euro balio dute kantxako sarrerek eta 20 euro goiko solairukoek nahiz errebotekoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide