Iritsi da gazteei zuzendutako Lore Jokoak lehiaketa

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 09:46

11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa izango da, eta gaur, asteartea, ireki da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, eta osteguna, apirilak 11, izango da izena emateko azken eguna.

Urte hasieran aurreratu bezala, Lore Jokoak antolatu ditu Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak gazteentzat. “2023ko Orbel Jokoetan sekulako parte hartzea lortu genuen, baina balorazioa egiterako garaian argi ikusi genuen beharrezkoa zela gazteentzako propio sortutako galderak izatea, finalean bezala. Floreaga eta Azkoitia BHI Ikastola ikastetxeen oniritziarekin, udazkenean egin beharrean udaberrian Orbel Jokoen lehiaketa bikia antolatzea erabaki dugu”, azaldu du elkarteak.

Hala, Maxixatzen elkarteak Azkoitiko Udalaren eta Danobaten laguntzarekin antolatutako Lore Jokoak 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa izango da, eta gaur, asteartea, ireki da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, eta osteguna, apirilak 11, izango da izena emateko azken eguna. Taldeari izena jarri eta ondoren taldearen izena eta kideen informazioa 675 85 71 11 Whatsapp zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora bidali beharko dituzte gazteek.

Lehiaketaren dinamikari dagokionez, berriz, Orbel Jokoen antzekoa izango du. Apirilaren 12an hasita, hiru astetan galderak proposatuko zaizkie talde guztiei. Galdera horiek ostiralero argitaratuko dira webgunean, eta taldeek, hurrengo osteguneko 12:00ak arte izango dute erantzunak bidaltzeko epea, 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen astean, apirilaren 12koan, kultura orokorreko galdera erantzun beharko dituzte taldeek, apirilaren 19ko galderak talde eta eragileen logoez izango dira, eta azken astean, apirilaren 26, euskararen zapalketa historikoa izango dute oinarri galderek, Euskal Herrian Euskarazen Harrotze Astea ekimena dela-eta.

Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira maiatzaren 3ko finalera, eta talde horiek herriko saltokietan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte: lehen sailkatuak 180 euroko txartela, bigarren taldeak 120 eurokoa, eta hirugarrenak 90 eurokoa. Gainera, parte hartzen duten talde guztien artean beste 60 euroko bonu bat zozkatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide