Eneritz Artetxek, Julene Iturbek, Naia Arrizabalagak eta Unai Izagirrek parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotanen

Nerea Uranga 2024ko api. 9a, 11:31
Eneritz Artetxe Gipuzkoa Bertsotaneko saio bateko artxiboko irudian.

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Denera, 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; eta udazkenerako txartela 34k lortuko dute. Gipuzkoa Bertsotanerako girotzeko bertso saioa antolatu dute ostiralerako Azkoitiko Zurt tabernan.

Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da Eskoriatzan, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Guztira, 74 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietatik lau azkoitiarrak dira: Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990), Julene Iturbe (Azkoitia, 2001), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) eta Unai Izagirre (Azkoitia, 1995).

Artetxek Altzoko saioan kantatuko du maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Kultur Etxean. Arrizabalagak eta Izagirrek, berriz, Legorretako Herri Antzokiko saioan abestuko dute maiatzaren 3an (ostirala), 19:00etan. Iturbe maiatzaren 10eko (ostirala) Anoetako saioan ariko da, 19:00etan, Mikelasagasti auditorioan.

Atzo aurkeztu zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Gipuzkoa Bertsotan, eta "berezitasun ugari" dakartzala aurreratu zuen: "Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, hogei bertso saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegunetan eta ostiraletan; bigarrenean, berriz, zortzi saio, larunbatetan eta igandetan".

Egituraz gainera, txapelketaren forma bera ere aldatu egin dutela azaldu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. "Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan". Bertsolariek lehen itzuliko saioetan zein bigarren itzulikoan egin beharko dituzten ariketak honako loturan ikus daitezke.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte salgai.

Bertso eskolei aitortza

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea gauzatu ahal izateko "ezinbesteko lehengaia"  bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak direla adierazi du Gipuzkoako Bertsozale Elkartek: "Bertsolaritzaren ekosistema lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle". Eta aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte, Unai

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte: "Unai Gaztelumendiren irudiak bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak".

Ildo horretatik, txapelketaren beste berritasunetako bat izango da saio bakoitzaren ondoren afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek.

Gipuzkoa Bertsotanen saioak:

Lehen itzulia:
  • Apirilak 25: Eskoriatza.
  • Apirilak 26: Zestoa.
  • Apirilak 26: Gabiria (Urko Egañak abestuko du).
  • Maiatzak 2: Altzo (Jon Gurrutxagak kantatuko du).
  • Maiatzak 2: Zaldibia.
  • Maiatzak 3: Orio.
  • Maiatzak 3: Legorreta.
  • Maiatzak 9: Idiazabal.
  • Maiatzak 9: Getaria.
  • Maiatzak 10: Mutriku.
  • Maiatzak 10: Anoeta.
  • Maiatzak 17: Oñati.
Bigarren itzulia:
  • Maiatzak 25: Antzuola.
  • Maiatzak 25: Pasaia.
  • Maiatzak 26: Alegia.
  • Maiatzak 26: Usurbil.
  • Ekainak 1: Ataun.
  • Ekainak 1: Elgeta.
  • Ekainak 2: Soraluze.
  • Ekainak 3: Hernani.

Ostiralean, girotze saioa

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen faserako girotzeko bertso saioa antolatu dute ostiral honetarako Zurt tabernan, 22:00etan hasita.

Bertso saioan Gipuzkoa Bertsotanen parte hartuko duten lau bertsolarik kantatuko dute, hala nola Unai Izagirrek, Naia Arrizabalagak, Oier Etxeberriak eta Julene Iturbek. Gai jartzaile lanak Haritz Alberdik egingo ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide