Ostegunean abiatuko dira Pilotari Eguneko txapelketak

Andoni Elduaien 2024ko api. 8a, 12:59

Ostegunean, hilak 11, hasiko da aurtengo txapelketa. Gizonen binakako pilota txapelketako aurre kanporaketak jokatuko dituzte nola ostegunean hala ostiralean. Gizonetan, 38 bikotek eman dute izena binakako txapelketarako eta 25 lagunek banakakorako. Emakumeetan, berriz, zazpi bikote arituko dira nor baino nor gehiago.

Ekainaren 8an ospatuko dute aurten Pilotari Eguna, eta antolatzaileak buru-belarri ari dira bai eguna eta bai aurrez Kontzejupean jokatuko dituzten binakako zein banakako pilota txapelketak antolatzen. Gizonen binakako nahiz banakako eta emakumeen binakako pilota txapelketak jokatuko dituzte beste urte batez, eta ostegunean, hilak 11, hasiko da lehia Kontzejupean. Zehazki, gizonen binakako txapelketaren aurre kanporaketak jokatuko dituzte lehen astean.

Izen-emate epea itxi eta gero, antolatzaileek jakinarazi dituzte aurtengo datuak. Gizonetan, 38 bikotek eman dute izena binakako txapelketarako eta 25 gizonek bi koadro eta erdian jokatzen den banakako txapelketarako. Emakumeen binakako txapelketarako, berriz, zazpi bikotek eman dute izena. Ohi bezala, parte hartzaile kopuru datuak ikusi ondoren antolatu dute txapelketa eta haren arabera osatu dituzte koadroak.

Apirilaren 3an egin zuten gizonen banakako eta binakako txapelketen aurre kanporaketen zozketa. Txapelketaren lehen astean gizonen binakako txapelketaren aurre kanporaketak jokatuko dituzte, eta bigarren astean, gizonen banakako txapelketaren aurre kanporaketak. Honako partida hauek jokatuko dituzte Kontzejupean datozen bi asteetan:

Apirilak 11, osteguna (18:30):

  • Azpiazu eta Kuku - Korta eta Aranburu
  • Aldalur eta Zubizarreta - Uranga eta Oteiza

Apirilak 12, ostirala (18:30):

  • Tertzio eta Jon Albisu - Ugaitz - Torria
  • Markel eta Lander - Izarre eta Maixa
  • Eñaut eta Zabale - Xomorro eta Mokolua

Apirilak 17, asteazkena (18:30):

  • Lizartza IV - Iñaki Azkoitia
  • Tomao - Epelde
  • J.M. Aranburu - Matxin IV

Apirilak 18, osteguna (18:30):

  • Zubizarreta - Xomorro
  • Ander Etxeberria - Julen Aranburu
  • Korta - Zabale

Apirilak 19, ostirala (18:30):

  • Endika Cuevas - Joritz
  • Gaztelu - Lander Alberdi
  • Errasti - Enaitz

Txapelketaren egutegia

Lehen bi asteetan gizonen binakako zein banakako txapelketan aurre kanporaketak jokatuta, txapelketa horiek azken faseetan murgilduko dira. Emakumeek, berriz, ligaxka jokatuko dute maiatzean. Hona hemen egutegia osorik:

Apirila:

  • Apirilak 11 eta 12, gizonen binakako txapelketaren aurre kanporaketak.
  • Apirilak 17, 18 eta 19, gizonen banakako txapelketaren aurre kanporaketak.
  • Apirilak 24, 25 eta 26, gizonen banakako txapelketaren final zortzirenak.

Maiatza:

  • Maiatzak 2, 3, 9 eta 10, gizonen binakako txapelketaren final hamaseirenak.
  • Maiatzak 8, 15 eta 22, emakumeen binakako txapelketako ligaxkako partidak.
  • Maiatzak 16 eta 17, gizonen binakako txapelketaren final zortzirenak.
  • Maiatzak 22 eta 23, gizonen txapelketetako final laurdenak.
  • Maiatzak 29, 30 eta 31, gizonen txapelketetako finalerdiak.

Ekaina:

  • Ekainak 8, Pilotari Eguna. Egunean bertan jokatuko dira pilota txapelketen finalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide