Hauek taldeak lehen diskoa kaleratu du

Iraia Oteiza 2024ko api. 8a, 12:00
Hauek taldea. (Urtzi Oteiza)

Talde azkoitiarrak Itzuli naiz izenburupean plazaratu du bederatzi abestiz osatutako lan berria. Larunbat honetan eskainiko du lehen aurkezpen kontzertua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Hauek talde azkoitiarrak bere lehen diskoa plazaratu du, Itzuli naiz izenburupean. Bederatzi abestiz osatuta dago lana, eta duela hilabete inguru Besarkada bat eta Ez ahaztu kantekin aurreratu zuen taldeak lan berriaren norabidea. Tolosako (Gipuzkoa) Arax estudioan grabatu dute lehen diskoa, Doctor Masterrekin masterizatuta. Taldearen aurreneko lan luzea Spotify atarian dago entzungai.

Ion Elorza, Beñat Ucin, Imanol Miranda, Unai Izagirre eta Ander Etxeberria azkoitiarrek osatzen dute Hauek taldea. Iazko irailean eskaini zuten lehen kontzertua Elkargunean, eta horren atzetik etorri zen Arrasateko Musakola auzoan eskaini zuten bigarren emanaldia. Bi kontzertu horien ostean, diskoa prestatzen buru belarri ibili direla jakinarazi dute. Taldearen lehen diskoaren aurkezpen kontzertua larunbat honetan izango da: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean joko dute Desgaraian taldearekin batera, 22:00etan hasita. Sarrerak hemen eskura daitezke, zortzi euroren truke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide