Ostegunean irekiko ditu ateak Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokak

Iraia Oteiza 2024ko api. 8a, 10:30
Geure Gelatik liburu azoka, iaz. (Ane Olaizola)

Larunbatera bitartean egingo dituzte haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako ekintzak, Portaleburu erakusketa aretoan. Liburu aurkezpenek, ipuin kontaketek, hitzaldiek, tailerrek zein irakurraldiek osatuko dute aurtengo egitaraua.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, udaleko Berdintasun arloak lagunduta, Geure Gelatik liburu azokaren edizio berri bat antolatu du, emakume idazleei ahotsa eman, eta kulturan egiten duten ekarpena balioan jartzeko. Ostegunetik larunbatera bitartean egingo dute azoka, eta liburuak zein literatura kontuak izango dira nagusi egun horietan Portaleburu erakusketa aretoan.

Horren aurretik, bihar, Tupust! Kolektiboaren komikiei buruzko galdera erantzun saioa egingo dute ikastetxeetan, baina gainerako herritarrek ostegunetik aurrera izango dute azokaz gozatzeko aukera. 

Umeei, gazteei zein helduei zuzendutako saioek osatuko dute Geure Gelatik azokaren aurtengo uzta, eta Jasone Osorori zein Bizenta Mogeli aparteko protagonismoa emango diete. Izan ere, Osoro izango da azokaren aurtengo omendua, hark gazteen literaturan egin duen lana aitortzeko asmoz, eta Mariasun Landa idazlearen eskutik jasoko du oroigarria. Horrez gain, euskaraz idatzi zuen aurreneko emakume Bizenta Mogel idazle azkoitiarrari buruzko tailerra eskainiko du, batetik, Yolanda Arrietak, eta bestetik, idazle aitzindariaren Ipuin onak liburuaren pasarteak irakurriz itxiko dute aurtengo azoka.

Bestalde, hainbat liburu aurkezpen ere izango dira Geure Gelatik azokan, hala nola Gema Lopezen Emakume izoztua itzulpenarena, Osororen Arrakasta liburuarena eta Karmele Jaioren Maitasun Kapitala liburuarena. Horiez gain, haurrentzat ipuin kontaketa saioa zein liburuen irakurraldiak ere egingo dituzte.

Ordutegiari dagokionez, ostegunean eta ostiralean arratsaldez zabalduko dute azoka plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoa, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatean, goizez izango da zabalik, 11:00etatik 14:00etara.

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotzia eta Julen Garate Maxixatzen Euskaldunen Elkarteko ordezkaria. (Azkoitiko Udala)

Hemen azokaren egitaraua, osorik:

  • Bihar, asteartea:
    • Tupust! kolektiboaren komikiei buruzko galdera-erantzun saioa ikastetxeetan.
  • Apirilak 11, osteguna:
    • 17:15. Gema Lopez: Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenaren aurkezpena. Aurkezlea: Mariasun Landa.
    • 18:00. Jasone Osoro omenduari Mariasun Landak emango dio oroigarria. 
    • 18:30. Jasone Osoro: Arrakasta saiakera liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Maite Rementeria.
  • Apirilak 12, ostirala:
    • 17:15. Maite Frankoren Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa (6-10 urte).
    • 18:30. Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko tailerra emango du: Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak.
  • Apirilak 13, larunbata:
    • 11:15. Maite Lopezen eskutik, Giorgos Seferis, Nobel poeta euskaraz. Aurkezlea: Aritz Gorrotxategi.
    • 12:00. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Xabier Mendiguren.
    • 12:45. 2 minutu lehiaketaren aurkezpena.
    • 13:00. 10 lagunek Bizenta Mogelen Ipuin onak liburuaren pasarteen irakurketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide