Mailari eutsi dio Juaristi ISBk

Iraia Oteiza 2024ko api. 7a, 20:32
Juaristi ISBren eta Juventud Alcalaren arteko partidako irudi bat. (ISB)

Juaristi ISBk azken jardunaldia jokatu zuen atzo etxean, eta 85-64 garaitu zuen Juventud Alcala taldea. Ondorioz, jaitsiera postuetatik kanpo geratu dira etxekoak. Aldiz, Domusa Teknik ISBk ezin izan du Ausarta Barakaldo taldea garaitu, eta 81-76 galduta itzuli behar izan dute etxera. Klubaren 50. urteurrenaren bueltako asteburuko omendua, berriz, Josemi Etxaniz izan da.

ISBko talde nagusiek partida garrantzitsuak jokatu dituzte asteburuan. Gizonen taldeak azken jardunaldia jokatu zuen atzo, "hil ala biziko" partida, eta neurketa irabazita, jaitsiera postuetatik kanpo geratzea lortu zuen. Emakumeen taldeak, aldiz, ezin izan du Barakaldoko taldea garaitu eta esku hutsik itzuli da etxera.

Juaristi ISBko gizonek Juventud Alcala taldearen aurka neurtu zituzten indarrak atzo, larunbatez, Azpeitiko kiroldegian. Lehen laurden berdindu baten ondoren, pixkanaka abantaila hartzen joan zen etxeko taldea, eta zazpi punturen aldearekin iritsi zen atsedenaldira. Hirugarren laurdenean gora egin zuen aldeak, eta azken laurdenera 12 puntu aurretik iritsi zen Juaristi ISB. Azken laurdenean, Juventudek ez zuen erreakzionatzeko aukerarik izan, eta bukaeran 21 puntuko aldearekin gailendu zitzaizkien etxekoak, 85-64. Partida erabakigarria izan zen, Juventudi irabazita, jaitsiera postuetatik kanpo geratu baitzen Juaristi ISB. Ondorioz, datorren urtean ere, Zilarrezko LEB Ligan jokatuko dute.

Domusa Teknik ISBko emakumeek, berriz, ezin izan dute Ausarta Barakaldo multzoko liderra garaitu eguerdian hango kantxan jokatu duten partidan, eta 81-76 galduta itzuli behar izan dute etxera. Jardunaldi bakarraren faltan, hirugarren postuan dago etxeko taldea, eta Final Fourrera sailkatuta dago. Hala ere, "ahalik eta posturik onenean" amaitu nahi dute liga, eta bigarren postura igotzen saiatuko dira hurrengo eta azken neurketa irabazita.

Josemi Etxaniz, asteburuko omendua

50. urteurrenaren bueltan, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia, eta atzoko Juaristi ISBren partidan, Josemi Etxaniz omendu zuten Azpeitiko kiroldegian. "ISBren hasierako urteetan aldeak markatzen zituen jokalari aparta izan zen Etxaniz, gaur egun ACB bezala ezagutzen den ligara ere iritsi zena. Gizon handia da bera, eta ez altueran bakarrik, Iraurgi Saskibaloiaren mesedetan era guztietako lanak egin baititu, zuzendaritzako kide, entrenatzaile eta behar izan denean speaker ere izan baita. Bizitza guztian Iraurgi Saskibaloiaren mesedetan egin eta eman duen guztiagatik, jaso dezala merezi duen omenaldia Josemi Etxaniz Perezek", adierazi du klubak.

(Mikel Amenabar)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide