Berdinketarekin amaitu dute derbia Anaitasunak eta Lagun Onakek

Iraia Oteiza 2024ko api. 7a, 15:23
Anaitasunaren eta Lagun Onaken atzoko partidako irudi bat. (Anaitasuna)

Anaitasunak eta Lagun Onakek derbia jokatu zuten atzo arratsaldean Garmendipen, eta banako berdinketarekin amaitu zuten partida. Emakumeen Euskal Ligan, berriz, Anaitasunak 1-3 galdu zuen Zarautzen aurkako neurketa Txerloian.

Azkoitiko eta Azpeitiko futbolzaleek ez zuten hutsik egin Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko denboraldiko bigarren neurketan, eta zale ugari bildu ziren atzo Garmendipe futbol zelaian, bata zein bestea animatzeko. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko 28. jardunaldia jokatu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko gizonen taldeek, eta joaneko partidan bezalaxe, berdinketarekin amaitu zuten neurketa.

Zelaian giroa bero egon zen hasieratik, eta partida hasi eta berehala aurreratu zen talde azpeitiarra, Jagoba Erdoziak neurketaren 5. minutuan sartu baitzuen taldearen gola. Handik laster iritsi zen berdinketa, Anaitasunako Julen Aramendik area ertzeko jaurtiketa bat zuzenean sareratu baitzuen 16. minutuan. Hortik aurrera, gogotik saiatu ziren bi taldeak hiru puntuak eskuratzen; eta alde biek golak sartzeko aukera bat baino gehiago izan zituzten arren, azkenean banako berdinketarekin amaitu zuten neurketa. Gauzak horrela, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, 47 punturekin, eta hamalaugarrenean Anaitasunak, 28 punturekin.

Emakumeek punturik ez

Bestalde, Emakumeen Euskal Ligako 28. jardunaldia ere atzo arratsaldean jokatu zuten Anaitasunako jokalariek. Txerloian jokatu zuten azkoitiarrek partida, Zarautz taldearen aurka. 9. minuturako iritsi zen zarauztarren aurreneko gola, eta 35. minutuan bigarrena. Bigarren zatiari indartsu ekin zioten gorrixek, eta 53. minutuan Enarak area barrutik gola sartzea lortu zuen. Handik minutu batera, ordea, Zarautzek bere hirugarrena sartzea lortu zuen. Azkenean, 1-3 galduta, ezin izan zuten punturik eskuratu Anaitasunako emakumeek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide