Derbi eguna izango dute gaurkoa Anaitasunak eta Lagun Onakek

Iraia Oteiza 2024ko api. 6a, 09:49

Azpeitiko Garmendipe zelaian jokatuko dute neurketa, 17:00etan hasita.

Anaitasunak eta Lagun Onakek denboraldiko bigarren derbia jokatuko dute gaur Garmendipe zelaian, 17:00etan hasita. Ligako 28. jardunaldiko partida izango dute arratsaldekoa.

Joaneko partida hutsean berdindu zuten bi taldeek Txerloian, eta Anaitasunarentzat, bereziki, funtsezkoa izango da partida irabaztea, sailkapeneko azken postuetatik urrundu ahal izateko. Izan ere, denboraldia amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan, Hirugarren Mailako sailkapen nagusiko 14. postuan dago talde azkoitiarra, 27 punturekin. Lagun Onakeko gizonak, aldiz, 5. postuan daude, 46 punturekin.

Neurketaz gain, omenaldietarako tartea ere izango da Garmendipen. Iraurgi Saskibaloia omenduko dute partidan, bere 50. urteurrenagatik.

Derbirako sarrera orokorrak 15 euroko kostua izango du; jubilatuek zein 16 urtetik 20 urtera bitarteko gazteek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute; eta Lagun Onakeko bazkideek nahiz 16 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute. Garmendipera iristean, sarrera orokorra dutenek eta bazkideek aurreneko atetik sartu beharko dute zelaira; aldiz, 16 urtez azpikoek, bigarren atetik sartu beharko dute, NA erakutsiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide