Sidenorren urtebeteko lan erregulazio espedientea ezartzea adostu dute

Iraia Oteiza 2024ko api. 5a, 15:00

UGT, CCOO eta USO sindikatuek itundutakoaren arabera, gehienez ere %60ko eragina duen lan erregulazio espedientea ezarriko dute Azkoitiko lantegian. Apirilaren 15etik aurrera, urtebeteko iraupena izango du espedienteak.

Sidenorrek Azkoitian duen lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi dute enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek –ELAk eta LABek ez dute sinatu–. Lan erregulazioa langile guztiei aplikatuko zaie, eta gehienez ere %60ko eragina izango du. Errelebo kontratuak dituzten langileak eta langabezia agortuta dutenak salbuetsita egongo dira. 

Horrenbestez, enpresako zuzendaritzak hasiera batean proposatu zituen baldintzak "leuntzea" lortu dute hiru sindikatuek, zuzendaritzak "neurriz kanpoko baldintzak" proposatu zituela iruditu baitzitzaien. Izan ere, Sidenorren hasierako asmoa %100eko lan erregulazioa ezartzea zen Azkoitiko lantegiko laminazio handian, %31ko espedientea laminazioko tren txikirako, eta %53koa akabera sailerako. Espedientea 2025eko ekainaren 30era arte ezarri nahi zuen altzairu industria taldeak, lantegiko langile guztiei eraginez.

Sinatu berri duten dokumentuak aitortzen duenez, abenduan jarraipen batzorde bat egingo dute momentuko egoera berrikusteko eta egun horretatik aurrera espedientearekin jarraitzea beharrezkoa den aztertzeko.

Halaber, zainketetarako programa bat jarriko dute martxan, gutxienez hiru hilabeterako, eta kalte ordain ekonomikoa 1.250 eurotik 1.400 eurora bitartekoa izango da haur bat edo gehiago izanez gero. Era berean, Sidenorrek jakinarazi du espedienteak irauten duen bitartean inbertsioak egiteko konpromisoa hartzen duela.

Azkoitikoa ez da Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri duen lantegi bakarra, Reinosakoan (Kantabria) ere gauza bera egin baitu.

ELA eta LAB, akordioaren aurka

UGTk, CCOOk eta USOk adierazi dutenez, "beti fede onez" egin dituzte negoziazioak, "ahalik eta baldintza ekonomiko eta onenak lortzen saiatuz". Era berean, ELA eta LAB sindikatuek "negoziazio aldi osoan proposamenik egin ez izana" salatu dute.

ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, enpresako zuzendaritzak espedientearen legezko figura "iruzurrez" erabiltzen du, "irabaziak handitzen dituen bitartean, lan baldintzak okertzen jarraitzen duelako". Era berean, salatu egin du gehiengo sindikala Reinosako lantegia kontuan hartuta egitea, arrazoi horrengatik lortu dutelako UGTk, CCOOek eta USOk gehiengoa negoziazio mahaian.

LAB sindikatuak, bere aldetik, garbi utzi nahi izan du onartu berri duten espedientea "onartezina" dela, epeak eta aplikatutako zenbatekoak "neurrigabeak" direlako, eta "hobetu nahi dituzten baldintzetako asko nabarmen okertuko dituelako". Hori horrela, negoziazio garaian mahaitik altxa eta alde egitea erabaki zuten sindikatuko kideek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide