Aymar Navarrok hitzaldia eskainiko du datorren asteartean

Iraia Oteiza 2024ko api. 4a, 14:38

Eskiatzaile kataluniarrak bere ibilbide profesionalaren nondik norakoak azalduko ditu Elkargunean, 19:00etan hasita. Sarrerak hemen eskura daitezke, bost euroren truke.

Aste Santuko oporraldiaren ostean, jarraipena izango dute Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Jardunaldiek. Datorren astearterako, hilaren 9rako, antolatu dute hurrengo jardunaldia, eta oraingoan, Aymar Navarro freerider adituak hitzaldia eskainiko du. Aran bailarako (Katalunia) suhiltzaile eta eskiatzailea da Navarro, eta hamar urtean egin duen jardunbidea azalduko du, bere ibilbide profesionaleko momentu esanguratsuenak errepasatuz, eta bere proiektu eta amets berriak ere kontatuz, amets txikienetatik hasi eta ekintza gogoangarrienetaraino.

Halaber, bertaratzen direnek aukera izango dute Navarrori galderak egiteko. Emanaldia datorren asteartean izango da, 19:00etan, Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira hemen, bost euroren truke, eta agortzen ez badira, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.