Agiro, Lagun Onak eta Anaitasuna mendi taldeek eta Sokaitz eskalada taldeak bat egin dute apirilaren 13rako deitu duten manifestazio nazionalarekin

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 27a, 09:58

Anaitasuna, Lagun Onak eta Agiro mendi klubek nahiz Sokaitz eskalda taldeak atxikimendua adierazi diote Euskal Herria Bizirikek deitutako manifestazioari. Mobilizazio horretan, erakundeak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak salatu ez ezik, "egiten ari diren natur baliabideen suntsiketa sistematikoa" ere gaitzetsiko dute.

Euskal Herria Bizirikek deituta, manifestazio nazionala egingo dute apirilaren 13an Azpeitian. Euskal Herria Bizirik sarearen parte dira Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez taldeetako kideak, eta horiek agerraldia egin zuten joan zen ostiralean herritarrak mobilizatzera deitzeko. Orain, Anaitasuna, Lagun Onak eta Agiro mendi klubek nahiz Sokaitz eskalda taldeak atxikimendua adierazi diote manifestazioari; horren berri emateko, bideo hau helarazi dute hedabide honetara. Mobilizazio horretan, erakundeak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak salatu ez ezik, "egiten ari diren natur baliabideen suntsiketa sistematikoa" ere gaitzetsiko dute.

Manifestazioaren deitzaileen arabera, agintari eta gobernu guztiek "bere egin dute klima larrialdiari aurre egiteko kapitalismo berdearen apustua". Hain zuzen, Espainiako eta Frantziako estatuak zein EAEko eta Nafarroako gobernuak jarri dituzte jopuntuan. "Horien ondorio dira, esaterako, EAEn onartu berri duten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea, edota onartze bidean den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala; Nafarroan, Klima-Aldaketari eta Energia Trantsizioari Buruzkoa eta Ipar Euskal Herriko Energia berriztagarrien ekoizpenaren azelerazioari buruzko legea". Horri lotuta, nabarmendu dute "garrantzitsutzat" jotzen dutela EAEko Lurralde Plan Sektorialaren onarpena gelditu dezatela exijitzea; izan ere, Euskal Herria Bizirikeko eragileen aburuz, "horrek berriztagarrien zabalpen masiboa eman ahal izateko baldintzak sortzea du helburu". "Argi esan beharra dago estrategia honek ez duela bizi dugun urgentzia ekologikoa gainditzea helburu, gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzea baizik", adierazi zuten ostiraleko agerraldian, besteak beste.

Egun osoko egitaraua

Apirilaren 13ko hitzordu garrantzitsuena manifestazioa izango den arren, egun osorako egitaraua prestatu dute Euskal Herria Bizirik sareko eragileek. 10:00etan hasita, agroekologia, elikadura burujabetza edota ekofeminismoari lotutako tailerrak eskainiko dituzte. Jarraian, 12:00etan, Europako beste esperientzien berri emango dute Azoka Plazako aretoan egingo duten mahai inguruan. Goizari bukaera emateko, herri bazkaria egingo dute, 14:00etan. Manifestazioa 18:00etan hasiko da plazatik, eta ekitaldiaren ondoren, Azoka Plazan mokadua eskainiko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide