Gizon bat atxilotu dute Azkoitian, droga trafikatzea leporatuta

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 26a, 12:43

Ertzainek kontrol arrunt batean atxilotu dute 26 urteko gizona. Ehun gramoko haxix plaka eta speeda zeraman poltsatxo bat aurkitu dituzte haren autoan, eta bere gauzen artean 665 euro zeramatzan. Atxilotuak polizia aurrekariak ditu.

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, 01:00 aldera, droga trafikoaren delitua leporatuta, Azkoitian egindako prebentziozko kontrol batean. Ertzainek bi gizon zeramatzan auto bat geldiarazi eta miatu dute kontrolean. Gidariaren eserlekuaren azpian, agenteek ehun gramoko haxix plaka eta speeda zeraman poltsatxo bat aurkitu dituzte. Gainera, bere gauzen artean 665 euro zeramatzan gidariak, kopuru ezberdinetako billeteetan banatuta.

Ebidentzia horien aurrean, patruilak atxilotu egin du gidaria, 26 urteko gizona. Atxilotuak polizia aurrekariak ditu, substantzia estupefazienteak trafikatzeagatik.

Atxilotua Ertzaintzaren egoitzara eraman dute zegozkion polizia eginbideak betetzeko. Horiek amaitu ondoren, datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide