Plaza Ondok hainbat irteera antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Ane Olaizola 2024ko mar. 25a, 10:34
Plaza Ondoko kideak, joan den astean Donibane Garazira eta Doneztebera egindako irteeran. (Plaza Ondo)

Apirilaren 18an Bastidara eta Ezkaraira joango dira eguna igarotzera, eta irailean Malagara bidaiatuko dute. Izen-emateak irekitzear daude.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak hainbat irteera antolatu ditu datozen hilabeteetarako, batzuk egun batekoak eta beste hainbat egonaldi luzeagokoak.

Batetik, apirilaren 18an Bastidara (Araba) eta Ezkaraira (Errioxa, Espainia) joango dira eguna pasatzera. 08:00etan abiatuko dira liburutegi ondoko autobus geltokitik, eta Jatorrena jatetxean bazkalduko dute. Hara joan nahi duenak apirilaren 2tik 12ra artean eman dezake izena: bazkideek 42 eurotan, eta gainontzekoek 48 eurotan. Hamarretakoa bakoitzak eraman beharko du, eta edaria Plaza Ondok eskainiko du.

Horrez gain, Malagara (Andaluzia, Espainia) beste irteera bat antolatu du elkarteak. Autobusez joango dira hara, irailaren 14tik 21era bitartean, hainbat txoko ezagutuko dituzte, hala nola Torremolinos, Granada, Malaga, Nerga, Ronda, Fuengirola eta Benalmadena. Izen-ematea apirilaren 3an zabalduko dute, eta autobusa bete artean izango dute herritarrek horretarako aukera.

Bestalde, 90 laguneko taldea batu zen joan zen ostegunean Doneztebe (Nafarroa) eta Donibane Garazi ezagutzeko, Plaza Ondok antolatutako irteeran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide