Erramu adarrak bedeinkatuz eta prozesioarekin hasi du Aste Santua Azkoitiko Parrokiak

Unax LarraƱaga 2024ko mar. 24a, 15:26

Erramu Igandeko ekitaldia egin dute goizean Azkoitian, eta dozenaka lagun elkartu da plazan. Azkoitiko parrokiako erretoreak erramu adarrak bedeinkatu ditu, eta ondoren, elizara prozesioan joan dira guztiak. Beste behin, bakearen aldeko mezuak zabaldu dituzte.

Erramu Igandeko ekitaldia egin dute goizean Azkoitian, eta beste urte batez, gerren kontrako eta bakearen aldeko mezuak zabalduz. 11:00etarako plazan bildu dira herritarrak, eta hara iritsi da katekesiko haurrek parrokiatik hasi duten prozesioa ere. Herriko plazan elkartu dira guztiak, eta parrokiako erretoreak herritarrek esku artean zituzten erramu adarrak bedeinkatu ditu. Ekitaldian, gainera, gogoan izan dituzte gerra egoeran dauden zein hondamendi naturalak jasan dituzten hainbat herrialde, hala nola Ukraina, Honduras, Siria eta Palestina.

Ekitaldia amaitu dutenean, guztiak prozesioan joan dira elizara, eta han meza nagusia eman dute.

Modu horretara hasi ditu Azkoitiko Parrokiak Aste Santuko ekintzak, eta datozen egunetan ere izango da beste ekitaldirik. Hemen ikus daiteke egitaraua:

Martxoak 28, Ostegun Santua.

  • 11:00. Parrokian, haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
  • 17:00. Meza, Santa Klara elizan (gaztelaniaz).
  • 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza, parrokian (euskaraz).
  • 21:00. Otoitzaldia: Gau Gurtza.

Martxoak 29, Ostiral Santua.

  • 09:00. Parrokia irekiko dute, "gogoetarako eta bisitarako".
  • 11:00. Gurutze-bidea, parrokian.
  • 16:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
  • 17:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna parrokian (euskaraz) eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

Martxoak 30, larunbata. Pazko bezpera.

  • 21:00. Pazko gaubeila parrokian, euskaraz: sua, Pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde meza.

Martxoak 31, Pazko igandea.

  • 11:00. Pazko meza nagusia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide