Markarik hautsi gabe, Kibet eta Chelimo nagusitu dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 23a, 21:07

Elijah Kibetek eta Rose Chelimok irabazi dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 31. edizioa. Haizea tarteko, Chelimok ezin izan du errekor berria ezarri. Azpeitiarren artean, gizonezkoetan Unai Martinez nagusitu da (01:13:06) eta emakumeetan, Maite Etxezarreta (01:19:14). Azkoitiarren artean, berriz, gizonen mailan Joseba Diaz (01:08:51) izan da nagusi, eta emakumeetan Miren Murua (01:33:11). Diazek eta Etxezarretak Gipuzkoako txapela eskuratu dute. Lasterketa laburra ere jendetsua izan da, eta 467 lagunek amaitu dute. 

Elijah Kibetek (1:01:59) eta Rose Chelimok (1:08:49) irabazi dute Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Eguraldiak bestelakorik iradoki zezakeen arren, haizeak ez die lagundu elite mailako korrikalariei, eta aurreikuspenen kontra, Chelimok ezin izan du marka berririk ezarri. Lasterketa hasterako, Chelimorengan zegoen arreta jarrita, emakumeen mailan marka berria jartzeko aukera baitzeukan. Gaur gaurkoz, asfalto gaineko munduko txapelduna da Chelimo, eta eliteko atleten artean aurtengo maratoi erdiko protagonista nagusietako bat izan da. Baldintzak baldintza, Chelimok marka berririk ezarri gabe amaitu du gaurko proba. Guztira, 871 lagunek parte hartu dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. 

Gizonezkoetan, Elijah Kibet keniarra helmugaratu da aurrena. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Alfred Mukche (01:03:07) eta Embay Goitom (01:03:09). Emakumeetan, berriz, Rose Chelimo (1:08:49) nagusitu da. Bigarren saikatu da Boulaid Kaoutar (01:09:26), eta hirugarren Cynthia Kosgei; iazko txapelduna izan zen Kosgei. 

Proba laburrean ere jende ugari atera da aurten, eta nabarmentzekoa izan da emakumeen parte hartzea. Guztira, 467 lagunek amaitu dute 8,1 kilometroko XII. Azkoitia-Azpeitia lasterketa laburra. Gizonezkoetan helmugara iristen aurrena Joseba Olaetxea tolosarra izan da (0:26:15). Bigarren sailkatu da Ibon Aristimuño bergararra (0:26:31) eta hirugarren Mikel Velasko arrasatearra (0:26:32). Emakumezkoetan, Nerea Murua altzoarra izan da azkarrena (0:30:24). Haren atzetik helmugaratu da Nagore Azkue tolosarra (0:31:40) eta Izaro Perurena tolosarrak osatu du podiuma (0:31:57).

Hanbike proban, Bidegoiango Ion Galarraga izan da helmugaratzen aurrena, 0:50:55 denborarekin; bigarren sailkatu da Iñaki Igartua oñatiarra (0:51:15) eta hirugarren Mikel Goikoetxea amezketarra (0:57:05).  

Etxekoen podiumak

Eliteko atletek ez ezik, etxekoek ere egin dituzte haien balentriak. Maratoi erdiari dagokionez, azpeitiarren artean gizonezkoetan Unai Martinez nagusitu da (01:13:06) eta emakumeetan, Maite Etxezarreta (01:19:14). Azkoitiarren artean, berriz, gizonen mailan Joseba Diaz izan da nagusi (01:08:51) –eliteko lehen emakumeekin erbi lanetan ibili da azkoitiarra– eta emakumeetan Miren Murua (01:33:11) izan da helmugara iristen aurrena.

Diazek eta Etxezarretak, gainera, Gipuzkoako txapela eskuratu dute. Eneritz Aramendi azpeitiarra ere Gipuzkoako podiumera sailkatu da hirugarren postua eskuratuta. Aramendik 01:26:40 denboran amaitu du proba. 

Lasterketa laburrean, azpeitiarren artean, gizonezkoetan Axier Agirre izan da helmugaratzen aurrena (0:29:16). Emakumeetan, aldiz, Eider Bereziartua (0:34:32). Azkoitiarretan, berriz, lehen gizona Urritz Egiguren izan da, eta lehen emakumea Nerea Epelde (0:38:43)

Kirola eta festa

Beste urte batez, maratoi erdiaren bueltan, festa giroa izan da nagusi Azkoitian zein Azpeitian, eta jendetza atera da kalera lasterketaren aitzakian. Urtero bezala, omenaldietarako tartea egiteko ere aprobetxatu dute kirol probaren antolatzaileek. Hain zuzen ere, lasterketa herrikoia hasi aurretik, 16:00 aldean, egin dute ekitaldia. Maite Alberdi azkoitiarrak Xalbadorren heriotzean abestu du irteera puntuaren ondoan, tuba eta gaiteroen doinuez lagunduta. Omenaldian izan dira, besteak beste, Diego Garcia zenaren familiako kideak. Omendutako kirolarien familietako kideek lehenengo zenbakidun dortsalak jaso dituzte. Aurten, gainera, Azpeitiko ttuntturroak ere izan dira lasterketaren atariko ekitaldian. 

16:15etan bota dute lehen suziria, proba herrikoiari hasiera emanez. Ondoren, 16:30ak jo aurretik, handbike proba hasi da, eta haren atzetik, berriz, maratoi erdia. Kirol probak amaitzean sari banaketa egin dute Loiola hotelaren aurrean. Era berean, kirola eta festa uztartuz eta maratoi erdiaren antolatzaileek sustatuta, Azpeitiko Alde Zaharrean barrena UK03 txaranga ibili da, bazterrak musikaz alaitzen. 

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Erlazionatuak

31. Azkoitia-Azpeitia: Hasiera eta bidegorria

Unax LarraƱaga eta Mireia Galarza mar 24 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide