Boluntarioak ondarea zaintzen

Naia Arrizabalaga 2024ko mar. 28a, 16:12

Aste Santuko prozesioan hamahiru pauso aterako dituzte kalera, eta 300 lagunek parte hartuko dute. Pausoak prestatzen dihardu Azkoitiko Erregeen Kabalkada eta Aste Santuko Prozesioa elkarteak. Hango kide dira Kontxi Larrañaga, Nerea Machado, Juan Bautista Mendizabal, Felix Azurmendi eta Marga Martin.

Aste Santuko pausoak lehen auzolanean prestatzen ziren. Kale bakoitzean familia bat arduratzen zen pausoa garbitu, jantzi eta prestatzeaz. Gaur egun ere, taldean antolatzen dira horretarako zenbait boluntario. Santa Klarako elizan berriztatzen eta prestatzen dituzte pausoak. Auzolanean aritu izan dira pausoen prestaketa lanetan XVI. mendetik. Ostegun Santua heldu baino lehen, astelehen, astearte zein asteazkenean biltzen ziren eta hiru egun hartzen zituzten pausoak txukun jarri eta prozesiorako prest uzteko. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da tradizioa eta familiaƒ batzuk zeresan handia izan dute lan horretan urtez urte. Hala ere, urteen poderioz, batzuek lana egiteari utzi behar izan diote, adinagatik edota hil egin direlako.

Hori horrela, 2004. urtean, Joxe Mari Astigarraga erretorearen eskutik, Parrokiak jende falta zegoela sumatuta, boluntario bila hastea erabaki zuen. Udaletxera jo zuten laguntza eske, elkarte askorekin baitzeukan harremana udalak. Kontxi Larrañaga (Azkoitia, 1967) udalean lanean zebilen ordurako, eta gogoan dauka orduan egin zuten lana: "Aste Santuaren inguruan jendea motibatzea zen helburua, eta turismoa bultzatu genuen zein bisita gidatuak antolatu genituen Elizarekin elkarlanean". Larrañagaren hitzetan, Txema Egizabal salestarraren zein Jexux Larrañagaren laguntza ere giltza izan zen jendea motibatzeko.

Felix Azurmendi, Nerea Machado, Marga Martin eta Kontxi Larrañaga. (Naia Arrizabalaga)

Nerea Machado (Azpeitia, 1975), katekista izanik, boluntario bila aritu zen: "Prozesioa kristau ospakizuna izanik, katekesira etortzen ziren haurren gurasoei galdezka aritu nintzen ea inor bazegoen prest muntaketan edo garbiketan laguntzeko". Horrela, hainbat herritar baturik, taldea osatu zuten, eta gaur egun 300 lagun inguruk parte hartzen dute prozesioan.

Juan Bautista Mendizabal (Azkoitia, 1961) izan da urte askotan zehar prozesioa antolatzearen arduraduna, kultur elkartearen partetik. Orain ordea, AEKSP elkartea —Azkoitiko Errege Kabalgata eta Aste Santutako Prozesioa elkartea— sortu dute hura antolatzeko. Talde txikietan banatzen dira, eta bakoitzak bere zereginak ditu: berriztatzea, janztea, garbitzea eta abar.

Talde txiki horien antolaketarako bilera bat egiten dute, eta bertan hartzen dituzte prozesioaren egunekoak zein aurreko egunetako erabakiak ere. Paso guztiak amaituta egoten dira Ostegun Santuaren bezperarako, orduan elkartzen baitira talde guztiak parrokian.

Veronica, nahigabea erakusten duen pausoa, Sevillara eramango dute, erakusketa batera

Duela bi urte pausoak berriztatzen hasi ziren. Hogei lagun aritzen ziren horretan, eta horietako bat da Marga Martin (Ibarra, Gipuzkoa, 1964). Aitortu du lanik zailena pintura kentzea dela: "Pausoak oso zaharrak dira eta hainbat pintura geruza dituzte; azken geruza dela uste duzunean, beste kolore bat agertzen da". Urtarrilean hasi ziren horretan, eta muntatzen, berriz, prozesioa baino hilabete lehenago hasi. Santa Klarako komentuan egiten dituzte lanak. Taldekide guztiak batu ez arren, egunero aritzen dira lanean.

Berriztatze lanetan Sonia Sanz zenaren lana aipagarria da, bere hitzetan: "Boluntario gisa etortzen zen bere lana egitera, eta asko irakatsi zigun". Sanzek idatzita utzi zuen nola egiten ziren lanak, eta azalpen horiei jarraituz aritzen dira gaur egun ere. Urte asko dituzte pausoek, eta Martinen esanetan, urte askoan "ezjakintasunez" egin izan diren gauza asko berriztatzerako garaian azaleratzen dira.

Taldera, herritarrak ez ezik, herrira etorritakoak ere batu dira, Felix Azurmendi (Urretxu, Gipuzkoa, 1950) Azkoitiko erretorearen arabera. Gizonak zein emakumeak aritzen dira lanean, eta horrek guztiak taldeari "aniztasun handia" ematen diola azpimarratu du apaizak.

Pausoak berriztatzeaz gain, horien jantziak zein ileordeak ere landu behar dira prozesioaren aurretik. Jantzien arduradun gisa jardun izan dute urte askoan Aldalur joskintza familiak, Beristain familiak, Marixol Arrizabalagak, Tere Aranbarrik, Mari Pura Aranbarrik, Isabel Euzkitzek, Maria Pilar Epeldek, Maria Asun Alberdik eta Mailu Izagirrek, besteak beste. Jantziak urtez urte mantendu egiten dira eta Santa Kutzeko mojek garbitzen eta txukuntzen dituzte. Ileordeak ere urtez urte mantendu dituzte, eta garai batean, familia askok ile apaindegietara eramaten zituzten txukuntzera; gaur egun, hori ez da horren ohikoa.

Pausoak gordetzerako garaian, Iraeta familiaren laguntza ere beharrezkoa izan da, San Martineko pausoa gordetzen baitute beren lokalean.

Balio handiko lanak eskuartean

Azkoitiko prozesioan ateratzen diren pausoen artean balio handiko lanak daude, horietako bat da Veronica, nahigabea erakusten duen irudia, 1924an Julio Beobide artistak gubiaz eginikoa eta Ignazio Zuloagak margoturikoa. Bere apaindura xehetasunen inguruan, urrezko tizuzko buruzapia nabarmentzen da. Erdi Kaleko auzokoek ordaindu zuten obra hori.

Aurten, azaroan Sevillara (Espainia) eramango dute pausoa erakusketa batera, Andaluziako Batzarrak hala eskatuta. "Pausoak daraman zapiak zenbateko balioa zuen jakin genuenean, guztiok harritu ginen, ez genekien horren obra baliotsuak genituenik eskuartean".

Garai batean, askok ileordeak ile apaindegietara eramaten zituzten txukuntzera

Hamahiru pauso ateratzen dira prozesioan, eta horien artean Ecce Hommo da nabarmentzen den beste bat: Miguel Oñederra azkoitiarrak 1945ean, 19 urterekin, egin zuen hura, gaztaina egurrez. Udalak erosi zuen eta suhiltzaileek eraman zuten 1948an lehenengoz.

Eramaileen falta

Prozesioko aurretiazko lanerako boluntarioak egonagatik ere, lagundu nahi duena beso zabalik hartzen dutela argi daukate guztiek. Hala ere, boluntario falta handiena pausoak eramateko jendea bilatzerakoan dagoela adierazi du Larrañagak. "Urtero arazo berarekin egiten dugu topo, eta gazteak animatzen ditugu etor daitezen laguntzera".

Machadoren hitzetan, nahiz eta pausoak pisutsuak izan, oso une "hunkigarria" da hura eramateko momentua. Horretaz gain, tradizioz gizonezkoek garraiatu izan badituzte ere, Azkoitiko prozesioan emakumeen presentzia "nabarmena" dela esan du azpeitiarrak. Izan ere, 2017tik aurrera, emakumeek ere eramaten dute pausoa Azkoitiko prozesioan.

 

Iraganean herrian lanean aritu zirenengatik ez balitz izan, egun Azkoitiko prozesioa den bezalakoa ez litzatekeela izango azpimarratu dute laurek. Horregatik, antolakuntzan jardun dutenentzat, jantziak landu dituztenentzat, Santa Klara elizaz zein San Franzisko kapilaz arduratzen direnenetzat, San Martingo auzotarrentzat zein armatu nahiz eramaile moduan aritu direnentzat eskerrik beroenak eman dizkiete, urteetan egin duten eta egiten jarraitzen duten lan izugarriarengatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide