Jonathan Escapa Etxaniz: "Ideia garbirik gabe sortzen dut, senak bultzatuta bezala"

Aitziber Arzallus 2024ko api. 1a, 13:53
Jonathan Escapa Etxaniz artista. (Aitziber Arzallus)

Final Fantasy Love izenburupean, bere ibilbide artistikoko bakarkako lehen erakusketa egin berri du Azpeitian. Lorategiaren ideiari bueltaka, azkenaldian ehunekin esperimentatzen dihardu azkoitiarrak, eta Dinamoan ondutako piezak erakutsi ditu Azpeitian. Urtarrilaz geroztik, baina, Donostiako Tabakaleran du lanerako txokoa. Orain arteko ibilbideaz eta hemendik aurrerako asmoez jardun du Maxixatzenekin.

Zeramika lantzen ordu asko pasatu eta gero, ehunekin esperimentatzeari ekin zion Jonathan Escapa Etxaniz artista azkoitiarrak. Azpeitiko Dinamoa sormen gunean egindako egonaldietako baten ondotik, eta Doi proiektuaren barruan, Final Fantasy Love bildumako lanak erakusteko aukera izan du Azpeitian. Bere ibilbide artistikoko bakarkako aurreneko erakusketa izan da, baina gauzak ondo bidean, ez da azkena izango.

Final Fantasy Love izenburupean, zure hainbat lan erakutsi berri dituzu Azpeitian. Zer bildu duzu erakusketa horretan?

Final Fantasy Love Albany izeneko artistaren kantu baten izenburua da. Musika, literatura eta poesia beti daude presente lanean ari naizenean, horietatik ere elikatzen naiz. Abesti batean entzun ditzakedan hitz batzuk, poema bat, irakurtzen ari naizen liburu bateko esaldi bat... izan daitezke nire inspirazio iturri, ez horiek bakarrik, baina horiek ere bai, eta Albanyren abestiaren izenburua egokia iruditu zitzaidan nire erakusketari jartzeko. Izenburu horren pean erakutsi ditudan lanak, berriz, lorategi baten ideiari bueltaka, azken hilabeteotan Azpeitiko Dinamoan lantzen jardun naizen piezak dira.

Nolatan lorategi bat?

Azkenaldian lorategiaren ideia darabilt buruan bueltaka. Derek Jarman izeneko artistak badauka Naturaleza moderna izeneko liburu bat, eta bere azken urteetan lorategi bat lantzen hasi zen; Gilles Clement teorikoak ere baditu El tercer paisaje eta El jardin en movimiento izeneko liburuak... Lorategiei buruzko liburuak hasi ziren nire bizitzara iristen, horiekiko interesa pizten hasi zitzaidan, eta azkenaldian, egiten ari naizen lanek badute hortik zerbait. Ez da zerbait errepresentatu nahia, baina esango nuke nire azkenaldiko eraginak edo inspirazio iturriak horiek izaten ari direla.

Zerbait zehatza adierazi nahi izan al duzu erakusketan bildu dituzun pieza horiekin guztiekin?

"Kazetaritza ikasi nuen aurrena, baina Arte Ederretako ikasleek inbidia ematen zidaten"

Lanean ari naizenean, normalean, ez dut buruan ideia garbi bat dudala jarduten, hau egin nahi dut edo bestea esan nahi dut. Egiten joaten naiz. Interes batzuk edo gogo batzuk izaten ditut, baina, normalean, material bat, objetu bat edo zerbait hartzen dut, gauzak egiten hasten naiz, eta horrela joaten naiz sortzen. Objetu horiek izan daitezke neuk egindakoak ala ez; asko gustatzen zait bigarren eskuko dendetan eta antzinako gauzak saltzen dituzten dendetan begira ibiltzea, altxor txikiak topatzea. Topatzen ditudan materialak eta objetuak pilatzen joaten naiz, ideia garbi bat izan gabe. Gustatzen zait gauza horietaz guztietaz inguratuta egotea. Pixkanaka, objetu horien artean elkarrizketak sortzen hasten dira, hortik tiratzen hasten naiz eta horrela joaten naiz sortzen. Ideia garbi bat gabe, nire instintuak edo senak bultzatuta bezala. Esan bezala, azkenaldian lorategiaren ideiari bueltaka nabil, eta, batez ere, ehunekin esperimentatzen.

Jonathan Escapa Dinamoan, lanean. (Kulturaz)

Betidanik izan al duzu artearekiko interesa?

Baietz esango nuke. Txikitatik marraztu izan dut; umetan, Azkoitian, Xanti Oria margolariarekin marrazketa eskolak hartzen nituen, marraztea gustatzen zitzaidalako. Dena dela, hasiera batean Kazetaritzako unibertsitate ikasketak egin nituen; lau urteak egin nituen, nahiz eta titulurik ez nuen lortu. Leioako campusean, ordea, Arte Ederretako ikasleak ikusten nituen beraien lanak eta eskulturak besapean hartuta atzera eta aurrera, eta sekulako inbidia ematen zidaten. Nik uste har hori betidanik izan dudala barruan. Denboraldi batez lanean jardun nintzen, baina lanik gabe gelditu nintzen, eta erabaki nuen une egokia zela Arte Ederrak ikasteko, eta halaxe egin nuen. Sekula ez naiz damutuko erabaki harekin, oso-oso gustura ibili nintzen, neure saltsan sentitu nintzen. Erasmus programarekin Ingalaterrara joan nintzen bost hilabetez, eta gero, ikasketak bukatu nituenean, Zeramikako masterra egin nuen.

Nolatan zeramika?

"Boladaka aritzen naiz, unean-unean gehien erakartzen nauten materialekin"

Debako Arte Eskolan hasi nintzen zeramika egiten, erabat katigatu ninduen, eta masterra egitea erabaki nuen. Egia esan, azkenaldian zeramika nahikoa utzita daukat. Nire praktika artistikoan material askorekin lan egin izan dut; boladaka aritzen naiz, unean-unean gehien erakartzen nauten materialekin. Nire interesen esparrua oso zabala da, eta agian hemendik hiru hilabetera guztiz bestelako zerbaitekin esperimentatzen ariko naiz.

Hain zuzen ere, zeramikari lotutako proiektu batekin lortu zenuen duela urte batzuk Azpeitiko Udalak ematen dituen Sormen Beketako bat, eta horri esker hasi zinen Dinamoan lanean.

Hala da, bai. Arte Ederrak ikasten ari nintzenean, urtero ikusten nuen Azpeitiko Udalaren deialdia, baina ez nintzen animatzen ezer aurkeztera. Behin ikasketak bukatuta, ordea, urratsa egitea erabaki nuen, eta nire proiektua izan zen hautatuetako bat. Horri esker, Dinamoan lanerako espazio bat utzi zidaten. Zeramikari lotutako proiektu pertsonal bat zen, baina orduantxe hasi nintzen ehunekin esperimentatzen ere, garai hartan puntua eta gantxiloa egiteko ikastaro bat egiten ari bainintzen. Sormen Bekarako aurkeztu nuen proiektuari lotuta, zeramika tailer bat emateko proposamena egin nuen, eta horretarako aukera ere eman zidaten. Neure burua proban jarri nahi nuen, nola moldatuko nintzatekeen jendeari eskolak ematen, eta egia esan, oso gustura ibili nintzen, oso esperientzia polita izan zen, eta uste dut ikastaroan parte hartu zutenak ere hala ibili zirela. Aurten berriro egiteko aukera eman didate; maiatzean izango da.

Baina ordukoa ez zen izan Dinamoan egin duzun egonaldi bakarra; azken hilabeteotan ere han aritu zara lanean.

"Ehunekin lan egiteko aukera asko ematen dizkidaten tresnak dituzte Tabakaleran"

Bai. Joan den udan JAI Jardun Artistikoentzako Institutuak egindako deialdi batean parte hartu nuen, eta hura bukatzen ari nintzela, ikusi nuen Dinamoan egonaldiak egiteko deialdia zabaldu zutela. Eskaera egin nuen eta onartu egin ninduten, eta horri eskerrak, berriz ere espazio bat utzi zidaten, eta han aritu naiz lanean, oraingoan ehunekin esperimentatzen. Hain zuzen ere, azken egonaldi horretan sortutako piezak dira Final Fantasy Love erakusketan bildu ditudanak.

Hala ere, Dinamoan ez ezik, Donostiako Tabakaleran ere baduzu lanerako txoko bat.

Bai. Urritik abendura Dinamoan jardun naiz, eta urtarriletik aurrera, Tabakaleran ari naiz. Lanerako leku bat eskatu nuen ehunekin esperimentatzen jarraitu ahal izateko, eta espazio bat utzi didate. Izan ere, ehunekin eta beste hainbat materialekin esperimentatzeko tresneria oso interesgarria dute hango Medialab gunean: brodatzeko makinak, laser bidez biniloak moztekoak... Ehunekin lan egiteko aukera asko ematen dizkidate horiek.

Eta hemendik aurrera zer?

Ekainean Zumaiako Oxford erakusketa aretoan Final Fantasy Love erakusteko aukera eman didate. Azpeitian erakutsi ditudan piezak eta ordura bitartean sortzen ditudan berriak jarriko ditut han, bilduma oraindik ez baitut bukatutzat eman, eta areto nahiko handia baita. Bien bitartean eta hortik aurrera, esperimentatzen jarraituko dut eta ea arteak nora eramaten nauen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide