Gutuna

Merezi du(zu)en aukera

Leire Lizarralde Alberdi, Darahli elkarteko kidea 2024ko mar. 23a, 09:30

Oporrak Bakean programa dela eta, honako iritzi artikulu hau argitaratu du Leire Lizarralde Alberdi Darahli elkarteko kideak.

Bideak eta denborak bat egiten duten unean, bada lur bat, harea dakarrena esku ahurretara. Bai, bada! Sahara. 

Finean… gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude; eta ez da gauza bera... Eta gauzak horrela badaude, nork ez du merezi, bada, aukera bat, lau hormaz harago doan etxe batean bizitzeko? 

Utzidazu kontatzen behin ume zirela, amestu zutela itsasoaren beste aldeaz. Ederra izango baita itzulera, elkarren besoen zabalera… eta are ederragoa lehendabiziko aldiz datozen haur errefuxiatu sahararren etorrera. 

Haizea harrien kontra iraultza da, eta mundua horrela ez dela sinestea ere bai. Eta nik iraultza txiki horietan guztietan sinesten dut. Kontua ekitea da. Egiten duguna gara, eta izatea egitea da. 

Zalantzaren lurraldean, zuek gu gara. 300 haur errefuxiatu saharar Euskal Herrira etortzeko zain daude, eta zeu izan zaitezke haur horietako bati uda bateko besarka ahaztezina eman diezaiokezuna.  

Utzidazu kontatzen etxeko atea irekitzea bihotza irekitzea dela, haurraren lehenengo aldi guzti-guztiak ilusioz biziko dituzula, borroka eta maitasunez betetako loturak eraikiko dituzula, eta bizitzari beste begi batzuekin begiratuko diozula. Nahiz guk haiei eman duguna oparo, beraiek ematen baitigute gehiago... 

Saharar herriak inoiz baino gehiago behar gaitu. Saharar haurrak bi hilabetez etxean hartzeko harrera-familiak behar ditugu. Merezi du(zu)en aukera da. Beraz, aukerarik baduzu, bihurtu zaitez aukera zu. 

Informazio gehiago hemen: oporrakbakean.eus

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide