Hitz bitan

Ramon Velazquez: "Ikaragarri eskertu dugu lasai bizitzea"

Iraia Oteiza 2024ko mar. 26a, 09:00
Ramon Velazquez. (Iraia Oteiza)

Ramon Velazquez (Monterrey, Mexiko, 1989) duela bi urte iritsi zen Monterrey hiritik Azkoitira, emaztearekin eta bi alaba txikiekin batera. Ingeniaria izanik, Azkoitiko enpresa batek egin zion lan eskaintzak erakarrita etorri ziren herrira bizitzera. Monterreykoaren aldean, hemengo bizimodua "lasaia eta segurua" dela dio.

Ingeniaritza lan eskaintza batek ekarri zintuen Azkoitira. Zaila izan al zen Monterrey utzi eta hona etortzea?

Ingeniaritza elektronikoaren eta automatizazioaren ikasketak ditut, eta Monterreyko enpresa batean nenbilen lanean. Nire lanbideri lotuta nituen kontaktu batzuengatik edo, Azkoitiko enpresa batera iritsi zen nire izena eta lanerako deitu zidaten. Eskaintza ona egin zidaten eta, Azkoitia eta inguruak zertxobait aztertu ostean, bertara etortzea erabaki genuen. Zaila da jaioterria utzi eta leku berri batera joatea, are gehiago, hain urrun dagoen nonbaitera, baina familiarentzat aukera ona dela ulertzean, errazagoa da dena.

Monterrey eta Azkoitia oso ezberdinak izango dira. Zertan antzeman duzu ezberdintasun gehien?

Monterrey Mexikoko hirugarren hiri handiena da, Mexiko Hiriaren eta Guadalajararen atzetik. Bost milioi biztanle ditu, eta mugimendu handiko hiria da, trafiko handikoa eta kutsadura maila altukoa. Hiriko gune batetik bestera mugitzeko denbora asko behar da, eta etsigarria da. Azkoitian ez dago han bezalako zaratarik, ez eta trafikorik edo kutsadurarik ere. Ikaragarri eskertu dugu lasai bizi ahal izatea.

Euskal Herriko ohitura guztietan, zer da gehien harritu zaituena?

Hemen jendeak elkar agurtzen du kalean, elkar ezagutzen dutelako. Asko harritu gaituen zerbait da, Monterreyn oso zaila delako kalean norbait ezagutu ere egitea.

Ordutegien kontua ere harrigarria izan da guretzat. Monterreyn dena irekita izaten genuen astelehenetik igandera, 24 orduz. Hemen eguerdian eta iluntzean itxi egiten dituzte dendak. Otorduak egiteko ere ordu jakin batzuk dituzue finkatuta, eta ordutegi horretatik kanpo ezinezkoa da inon bazkaltzea. Zerbait bitxia izan da guretzat.

Ezberdintasunak kontuan izanda, asko kosta al zaizue hemengo bizimodura egokitzea?

Hasieran zaila egin zitzaigun, baina gero eta erosoago sentitzen gara hemen. Gure alabak eskolara joaten dira, eta lagunak egin dituzte. Horrek guri ere jendea ezagutzea erraztu digu, alaben lagunen gurasoekin ere harremana estutu dugulako. Lanean oso gustura nabil, eta emaztea euskara ikasten ari da AEKn. Pixkanaka hemengo bizimodura moldatzen ari gara eta esperientzia polita ari da izaten guretzat.

Ba al dute antzekotasunik monterreytarrek euskaldunekin?

Regiomontanos deitzen digute Monterreykooi, eta geografia aldetik iparraldean kokatuta dago hiria, Euskal Herria bezala. Mendiz inguratuta gaude han ere, eta beraz, oso etxekoa egin zaigu hemengo paisaia. Oso harro gaude regioak izateaz, mexikarrak baino lehen Monterreykoak garelako. Euskaldunak ere halakoxeak direla konturatu naiz, oso hemengoak, beren kulturari eta ohiturei errotuak. Antzekotasun handia nabaritu dugu horretan.

Zer da inguruotatik gehien atsegin duzuna?

Lasaitasuna eta segurtasuna. Jolas parkean zein kalean lasai ibil daitezke gure alabak. Hori ezinezkoa litzateke Monterreyn. Zoritxarrez, segurtasun falta handia dago han, eta are gehiago emakumeen kasuan. Monterreyn ordu askoan egoten nintzen lanean, eta emazteak eta bi alabak supermerkatura nirekin joan behar izaten zuten askotan, beraiek bakarrik joatea ez zelako segurua. Oso gogorra da hori. Hemengo segurtasuna izan zen Azkoitira etortzera animatu gintuen arrazoietako bat. Azkoitiko segurtasuna, lasaitasuna eta bizi kalitatea atsegin ditut.

Festak ere asko gustatu zaizkit. Inauteriak, herriko jaiak… guretzat berria da herri osoa festan murgilduta ikustea. Ederra da hemengo giroa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide