Asteburuan hasiko da Aste Santua ospatzen Azkoitiko Parrokia

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 22a, 08:55
Ama Doloretakoaren irudia eta herritar ugari, iazko Hilobirako Prozesio Santuan. (Nerea Uranga)

Bihar, parrokian bertan, musika sakratua eskainiko du kontzertuan Iraurgi Abesbatzak. Etzi, berriz, Erramu Egunarekin hasiko dira aurtengo elizkizunak.

Bihar hasi eta Pazko igandera bitartean, Azkoitiko Parrokiak antolatzen dituen Aste Santuko ospakizunek urteroko tartea hartuko dute herrian. Elizkizunak, prozesioak eta horietako pertsonaia tradizionalak nagusi izango dira berriro, igandetik hasita. Etzi, izan ere, Erramu Eguna ospatuko du Elizak, eta Azkoitian 11:00etan elkartuko dira eliztarrak plazan, erramuak bedeinkatzeko; ondoren etorriko dira prozesioa eta meza, parrokian. Hala ere, aurten Erramu bezperan hasiko dira Parrokiak prestatu dituen ekintzak. Bihar, 20:00etan, kontzertu sakratua eskainiko du Iraurgi Abesbatzak parrokian bertan, eta emanaldi horrekin estreinatuko dute Aste Santuko egitaraua.

Lehen asteburua eta gero, Ostegun Santuan berrartuko dituzte ekintzak, hilaren 28an, Aste Santuko elizkizun nagusiekin. Ostegunean, aurten ere haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ospakizuna eta bisita gidatua egingo dituzte goizean parrokian, Jesusen afariaren ospakizunaren eta Gau Gurtzaren aurretik. Ostiral Santuan, Aste Santuko egun nagusian, goizetik gaueraino izango dira erlijio hitzorduak: gurutze-bidea, Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna eta prozesio nagusia, eta Azkoitiko Aste Santuaren ikur berezienetakoa den Hilobirako Prozesio Santua. Zapatu gaueko Pazko gaubeilarekin eta Berpizkunde mezarekin, eta Pazko igandeko ospakizunarekin bukatuko dituzte aurten ere Aste Santuko elizkizunak.

Ostegun eta Ostiral Santuan, parrokian ez ezik, Santa Klara elizan ere egingo dituzte elizkizunak, gaztelaniaz.

Egitaraua

Hau da bihartik Pazko igandera bitarterako Azkoitiko Parrokiak antolatu dituen ekitaldien egitaraua:

Bihar, zapatua

  • 20:00. Iraurgi Abesbatzaren kontzertu sakratua, parrokian.

Etzi, Erramu Igandea

  • 11:00. Erramuen bedeinkapena herriko plazan, prozesioa eta meza nagusia.

Martxoak 28, Ostegun Santua.

  • 11:00. Parrokian, haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
  • 17:00. Meza, Santa Klara elizan (gaztelaniaz).
  • 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza, parrokian (euskaraz).
  • 21:00. Otoitzaldia: Gau Gurtza.

Martxoak 29, Ostiral Santua.

  • 09:00. Parrokia irekiko dute, "gogoetarako eta bisitarako".
  • 11:00. Gurutze-bidea, parrokian.
  • 16:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
  • 17:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna parrokian (euskaraz) eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

Martxoak 30, larunbata. Pazko bezpera.

  • 21:00. Pazko gaubeila parrokian, euskaraz: sua, Pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde meza.

Martxoak 31, Pazko igandea.

  • 12:00. Pazko meza nagusia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide