Egitarau zabala prestatu du Maxixatzen elkarteak Geure Gelatik azokarako

Ane Olaizola 2024ko mar. 21a, 10:04
Geure Gelatik liburu azoka, iaz.

Apirilaren 9tik 13ra bitartean egingo dituzte haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako ekintzak Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak emakume idazleei eskainitako liburu azokan. Liburu aurkezpenek, ipuin kontaketek, hitzaldiek, tailerrek zein irakurraldiek osatuko dute aurtengo egitaraua.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak urtero antolatzen duen Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokak hartuko du apirileko bigarren astea. Antolatzaileek, hasiera batean azoka apirilaren 12tik 14ra bitartean egingo zutela jakinarazi bazuten ere, azkenean, lau egunetara luzatu dute egitasmoa.

Umeei, gazteei zein helduei zuzendutako saioek osatuko dute Geure Gelatik azokaren aurtengo uzta, eta Jasone Osorori zein Bizenta Mogeli aparteko protagonismoa emango diete. Izan ere, Osoro izango da azokaren aurtengo omendua, hark gazteen literaturan egin duen lana aitortzeko asmoz. Horrez gain, euskaraz idatzi zuen aurreneko emakume Bizenta Mogel idazle azkoitiarrari buruzko tailerra eskainiko du, batetik, Yolanda Arrietak, eta bestetik, idazle aitzindariaren Ipuin onak liburuaren pasarteak irakurriz itxiko dute aurtengo azoka.

Bestalde, hainbat liburu aurkezpen ere izango dira Geure Gelatik azokan, hala nola Gema Lopezen Emakume izoztua itzulpenarena, Osororen Arrakasta liburuarena eta Karmele Jaioren Maitasun Kapitala liburuarena.

Ordutegiari dagokionez, ostegunean eta ostiralean arratsaldez zabalduko dute azoka plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoan, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatean, goizez izango da zabalik, 11:00etatik 14:00etara.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Geure Gelatik liburu azokarako bonuak kaleratu ditu aurten ere, eta liburuen salmenta areagotzeko asmoz, elkarteak hamar euroko balioa duten bonuak bost eurotan jarri ditu salgai. Horrez gain, aurretik eskaria egiten duten bazkideen artean hamar euroko hogei bonu zozkatuko ditu —10 bazkideri bina bonu—. Zozketan parte hartzeko mezua bidali behar da ostiral eguerdia baino lehen, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora edo 675 85 71 11 telefono zenbakira, Whatsappez.

Hemen azokaren egitaraua:

  • Apirilak 9, asteartea:
    • Tupust! kolektiboaren komikiei buruzko galdera-erantzun saioa ikastetxeetan.
  • Apirilak 11, osteguna:
    • 17:15. Gema Lopez: Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenaren aurkezpena. Aurkezlea: Mariasun Landa.
    • 18:00. Jasone Osoro omenduari Mariasun Landak emango dio oroigarria. 
    • 18:30. Jasone Osoro: Arrakasta saiakera liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Maite Rementeria.
  • Apirilak 12, ostirala:
    • 17:15. Maite Frankoren Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa (6-10 urte).
    • 18:30. Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko tailerra emango du: Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak.
  • Apirilak 13, larunbata:
    • 11:15. Maite Lopezen eskutik, Giorgos Seferis, Nobel poeta euskaraz. Aurkezlea: Aritz Gorrotxategi.
    • 12:00. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Xabier Mendiguren.
    • 12:45. 2 minutu lehiaketaren aurkezpena.
    • 13:00. 10 lagunek Bizenta Mogelen Ipuin onak liburuaren pasarteen irakurketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide