San Jose egoitzako festak ospatuko dituzte ostiralera bitartean

Ane Olaizola 2024ko mar. 18a, 14:03

Gaur hasi eta ostiralera bitartean hainbat ekintza izango dituzte egoiliarrek, eta ez dute hutsik egingo jan-edan saioek, musika ekitaldiek eta udal ordezkarien zein ikasleen bisitek. Ostiralean bukatuko dituzte jaiak, Sendiaren Egunarekin.

San Jose egoitzako jaiak ospatzen ari dira gaurtik ostiralera bitartean, eta hango egoiliar eta kideek askotariko ekintzak izango dituzte bost egunetan, hala nola jan-edan saioak, musika emanaldiak zein udal ordezkarien eta ikastetxetako ikasleen bisitak.

Goizean hasi dituzte festak, Olinpiadekin, eta arratsaldean, seiko urre txapelketa jokatuko dute. Bihar, berriz, San Jose eguna ospatuko dute egoitzan, eta hainbat jarduera izango dituzte han: meza eta Iñaki Basabe abeslariak eta Kike Perez biolin joleak girotutako bazkaria, besteak beste.

Gainera, asteazkenean Korrika Txikia egingo dute egoiliarrek, 12:00etan hasita. Horrez gain, Sendiaren Egunarekin borobilduko dituzte jaiak, eta egun horretan pintxo tailerra zein senideekin askaria egingo dituzte-

Ohi bezala, Floreaga ikastetxeko, Bizilore Eskola Aktiboko, Xabier Munibe Ikastolako eta Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleak ere bisitan joango dira datozen egunetan, egoitza kantuz, dantzaz eta bertsoz girotzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide