Hiru puntuak eskuratu dituzte Anaitasunako talde nagusiek asteburuan

Iraia Oteiza 2024ko mar. 18a, 11:59

Anaitasunaren bi talde nagusiek etxean jokatu dituzte partidak asteburuan. Emakumeen taldea 4 eta 2 gailendu zen larunbatean Erandioko Betiko Neskak taldearen aurkako partidan; aldiz, gizonen taldeak, 2 eta 0 irabazi zuen Padura taldearen aurka jokatutako neurketa.

Asteburu borobila izan da Anaitasunako talde nagusientzat. Emakumeen taldeak San Juan zelaian jokatu zuen larunbat arratsaldean Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka, eta partida hasieratik izan ziren azkoitiarrak nagusi. 3. minuturako sartu zuen Mariak taldearen aurreneko gola, kornerra bikain errematatuta, eta 24. minutuan sartu zuen Libek gorrixen bigarren gola, penaltiz. 32. minutuan lortu zuten bizkaitarrek euren lehen gola sartzea. Hala ere, gorrixek ez zien aurrea hartzen utzi, eta Junek Anaitasunaren hirugarrena sartu zuen 44. minutuan. Maiderrek, berriz, taldearen laugarrena sartzea lortu zuen 53. minutuan. Handik laister iritsi zen Erandioko taldearen bigarren gola, baina hiru puntuak etxean geratu ziren azkenean, bizkaitarrei 4 eta 2 irabazita.

Gizonen taldeak ere etxean jokatu zuen larunbat arratsaldean, Txerloian. Padura taldea izan zuten azkoitiarrek aurkari. Mutilek indartsu hasi zuten neurketa, eta nagusi izan ziren partida hasieran. Lehen zatian aukera bat baino gehiago izan zituzten gorrixek, baina ez zuten baloia sareratzerik lortu. 66. minutuan iritsi zen Anaitasunaren lehen gola, Xabik korner baten ostean sartua. Hortik aurrera ez zuten aukera gehiegirik eduki, baina bost minutuko luzapenean iritsi zen azkoitiarren bigarren gola. Kontraeraso baten ostean, Anderren pasea sarera sartu zuen Julen Aramendik, jokaldia ezin hobeto amaituz. Azkenean, Anaitasunak 2 eta 0 irabazi zuen neurketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide