Garaipena etxean eta porrota etxetik kanpo

Intza Trula 2024ko mar. 18a, 09:55
Domusa Teknik ISBren larunbateko partidaren irudia. (Mikel Amenabar)

Larunbatean jokatu zituzten jardunaldiko partidak ISBko talde nagusiek. Domusa Teknik ISBk Azkoitian jokatu zuen, eta irabazi egin zion Port Management CB Andratx taldeari. Juaristi ISBk etxetik kanpo jokatu zuen, eta ezin izan zuen ezer egin C.B. Starlabs Moron taldearen aurka. Domusa Teknik ISBren eta Port Management CB Andratx taldearen arteko partidaren aurretik Xanti Etxaniz Pattana omendu zuen Iraurgi Saskibaloiak.

Jardunaldi gazi-gozoa izan dute ISBko talde nagusiek. Larunbatean jokatu zuten bi taldeek: LF2 ligako Domusa Teknik ISBk Azkoitian; Juaristi ISBk, aldiz, Moron de la Frontera kantxan, Sevillan. Domusa Teknik ISBk partida ona egin zuen, eta bi puntuak eskuratu zituen Port Management CB Andratx taldearen aurka. Juaristi ISBk, ordea, ezin izan zuen ezer egin C.B. Starlabs Moron taldearen aurka, eta esku hutsik itzuli ziren etxera.

Partida borobil baten ostean 64 eta 46 gailendu zen Domusa Teknik ISB Port Management CB Andratx taldearen aurka. Azkoitiko kiroldegian jokatu zuten jardunaldiko partida, larunbatean, 16:30ean. Hori horrela, laugarren garaipena jarraian eskuratu zuen emakumeen taldeak, eta LF2 ligan bigarren postuan da egun, 39 punturekin. Hala, Iruñean du datorren hitzordua emakumeen taldeak: larunbatean jokatuko du, Aranguren Mutilbasket taldearen aurka, 18:30ean.

Juaristi ISBko gizonen taldea punturik gabe itzuli zen Sevillatik. Hain justu, 94 eta 73 amaitu zen C.B. Starlabs Moron taldearen eta Juaristi ISBren arteko norgehiagoka. Zilarrezko LEB ligan zazpigarren postuan dago gaur egun Juaristi ISBko gizonen taldea, 33 punturekin. Hori horrela, Azpeitiko kiroldegian jokatu dute datorren igandean, Dames Udea Algeciras taldearen aurka, 18:00etan.

Pattana, larunbateko omendua

50. urteurrenaren bueltan, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia, eta joan den larunbatean, Xanti Etxaniz Pattana izango zen aitortza jasoko zuen pertsona. Domusa Teknik ISBk Port Management CB Andratx taldearen aurkako partidaren aurretik izan zen ekitaldia.

"Itzalean eta itzaletik urte luzez klubaren alde lan egin du Etxanizek. Momentu honetan klubak bizi duen arrakastaren arduradunetako bat da", azaldu zuen Iraurgi Saskibaloi Klubak. "Emakumeen saskibaloiaren alde lan egin du gehienbat, eta gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloia dagoen lekuan baldin badago, Pattana bezalako lagunek egindako lanagatik da".

Xanti Etxaniz 'Pattana'-ren omenaldiko irudia. (Mikel Amenabar)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide