Duatloi festa, lehertzear

Iraia Oteiza 2024ko mar. 15a, 10:16
Iazko Azkoitiko Duatloiko irudia. (Julene Frantzesena)

Bihar jokatuko dituzte aurten Azkoitri triatloi klubak antolatutako duatloi lasterketak. Haurrentzako probak eta duatloi super-esprintak jokatuko dituzte, goizez zein arratsaldez.

Dena prest dute Azkoitian biharko duatloi festarako. Azkoitri triatloi klubak Azkoitiko Udalaren eta Marea Urdinaren laguntzarekin antolatuta, bi proba jokatuko dituzte herrian: goizean haurrena, eta arratsaldean, herrikoia –federatu gabeena– zein federatutako kadeteena. Eguraldi iragarpenaren arabera, ateri eutsiko dio bihar egun osoan, eta ondorioz, probak "behar bezala" jokatzeko moduan izango dira.

Aitor Beneitez eta Haritz Uranga duatloiaren antolatzaileek azaldu dutenez, 63 pertsonak eman dute izena helduen probetarako; horietatik 24 emakumeak dira, eta bost izango dira duatloi egokituan parte hartuko dutenak, azken horietatik hiru Marea Urdinako kideak. "Parte hartzaileen gehiengoa gaztea da, eta zortzi kadete aterako dira helduen proba nagusian lehian", diote Beneitezek eta Urangak.

Parte hartzaileen jatorriari lotuta, gehienak gipuzkoarrak direla adierazi dute antolatzaileek, baina arabarrak, bizkaitarrak eta nafarrak ere izango direla argitu dute. Hori bai, kezka eragin dien datu bat ere jaso dute antolatzaileek: "Azkoitiko eta Azpeitiko parte hartzaileak 11 bakarrik izango dira, duatloia egiten hasi ginenetik inoizko kopururik txikiena. Kezka handia eragin digu horrek". Izan ere, gehienbat azkoitiarrei zein azpeitiarrei zuzendutako proba dela argitu dute

Horren zergatia aurkitu nahian dabiltza, eta arrazoia zera izan liteke: "Urte batzuetan duatloia federatu gabekoentzat bakarrik egin izan dugu, baina gertatu izan zaigu arrazoi horrengatik parte hartzaile gutxi animatu izana. Halakorik ez gertatzeko, federatuentzat ere izen-ematea zabaltzen hasi ginen duela bi urte, baina egia da sailkapena bereizita egiten dela, eta sariak ere soilik federatu gabeentzat izaten direla. Horregatik uste dugu arrazoi horrek eragina izan zezakeela federatuen izen-ematean".

Proba ezberdinak

Bihar, duatloi festan, egun osoko egitaraua antolatu dute herrian. Goizean, umeen probak jokatuko dituzte: 10:00etatik aurrera, LH3koen txanda izango da; 10:30ean hasita, LH4koena; 11:30ean, LH5ekoena; eta 12:00etan, azkenik, LH6koena. Herriko erdigunean jokatuko dituzte probak, plazatik abiatuta. LH3.-LH4. mailetakoek 500-2.000-100 metroko ibilbidea egingo dute, eta LH5.-LH6. mailetakoek zertxobait luzeagoa, 500-3.000-200 metrokoa. Tartean, ordubeteko atsedenaldia egingo dute, parte hartzaile «asko» izanik, haurrak txandaka sar daitezke box eremuan.

Halaber, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute haurren kasuan bihar bertan ere izena emateko aukera egongo dela Kontzejupean jarriko duten postuan, "beti egoten delako azken unean proban parte hartzera animatzen den haurren bat".

Arratsaldean, berriz, bederatzigarrenez jokatuko dute duatloi herrikoia, 16:00etan hasita, eta federatu zein federatu gabeek hartuko dute parte. Distantzia super-esprinta izango du proba horrek: hau da, bi kilometro eta erdi egingo dituzte korrika, hamar kilometro bizikletan eta beste kilometro eta berrehun metro korrika.

Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatuko dute Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta, kirolarientzat ahalik eta leunena izan dadin.

Zailtasunak

Aurtengo edizioa antolatzea ez zaie erraza egin antolatzaileei, eta proba batzuk bertan behera utzi behar izan dituzte Azkoitriko kideek.

Alde batetik, federatuentzako duatloi estandarra –10km-40km-5km– ez dute jokatuko Azkoitian, "trafiko" arazoek eraginda klubak ezin izan duelako hura antolatu: "Trafikokoek esan ziguten halako ibilbidea igande goizean egin beharra zegoela. Beraz, atzeratzea erabaki genuen, baina igandean Beasainen (Gipuzkoa) beste proba garrantzitsu bat dago, eta bietarako ertzainak faltako direnez, azkenean bertan behera utzi behar izan dugu".

Beste aldetik, haurren LH1. eta LH2. mailakoen probak ere ez dituzte jokatuko, Eskola Kiroleko arautegiak ez dielako baimentzen 8 urtetik beherako ikasleei proban parte hartzea. "Azkoitiko Udalak horientzako ere baimena lortzeko lanean dihardu, baina guretzat ez da garaiz iritsiko. Ea zerbait lortzen duen, bestela Ikaskirol Krosean eta beste lasterketa batzuetan ere txikienek ezingo dutelako parte hartu", azaldu dute Beneitezek eta Urangak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide