Azkoitian eta Azpeitian bisita gidatuak egingo dituzte maratoi erdiaren egunean

Iraia Oteiza 2024ko mar. 13a, 12:01

Martxoaren 23an egingo dituzte bisita gidatuak, goizez. Doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da 688 75 94 29 telefonora deituta edo mezu bat idatzita.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek eta Iraurgi Berritzeneko Turismo arloak bisita gidatuak antolatu dituzte maratoi erdiaren egunerako. Martxoaren 23an, larunbatez, jokatuko dute maratoi erdiaren 31.edizioa, Running festa lelopean, eta kirola turismoarekin zein kulturarekin uztartu asmoz antolatu dituzte bisita gidatuak.

Lasterketako ibilbidearen logika bera jarraituz, Azkoitian hasiko dituzte bisitak goizeko 10:00etan, eliza ataritik abiatuta. Azpeitian izango dute jarraipena, 12:00etan abiatuko baitira plazako kiosko paretik. Bisitak doakoak izango dira eta euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera izango da. Parte hartzeko, 688 75 94 29 telefonora idatzi edo deitu beharko da, egin nahi den bisita eta hizkuntza adieraziz. Antolatzaileek herritar oro gonbidatu dute bisitetan parte hartzera, korrikalariak izan ala ez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide